Zenbaki indizeak denboran zehar aldagai batzuen baterako bilakaera portzentuala zehazten duten balio segida bat dira, hala nola produktu batzuen prezioak; hain zuzen zenbaki indize ezagunena Kontsumorako Prezioen Indizea da, kontsumitu ohi diren produktuen prezioen bilakaera zehazten duena, hilez hil, produktuen prezio-igoerak horien kontsumo-mailaren arabera bateratuz. Orokorrean, zenbaki indize baten segida 100 baliotik abiatzen da, oinarri aldia deitzen den horretatik, eta ondorengo prezioak 100eko balio teoriko horrekiko proportzioan kalkulatzen dira. Prezioen indizeez gainera, indize kuantikoak edo ekoizpen-indizeak ere kalkulatzen dira, ekoizpenaren bilakaera jasotzen dutenak.
Zenbaki indizeen lehen sailkapen batek indize bakunak, aldagai bakar baten bilakaera aztertzen dutenak, eta indize konplexuak, aldagai batzuen bilakaera aztertzen dutenak, bereizten dira. Indize konplexuak dira erabilienak, produktuak eta prezioak bateratzen dituztelako. Bateratzea prezioak eta kopuruak haztatu gabe egin daiteke, baina ohikoena prezio igoerak haztatzea da (ikus, haztapenak). Indize konplexu haztatuetan ohikoenak Laspeyres indizeak (haztapen finkokoak) eta Paasche indizeak dira (haztapen aldakorrekoak).
Zenbaki indizeen problematika oinarri aldiaren berritzeko beharrarekin, indizearen kalkuluan barnehartzen diren produktuen saskia une jakin batean kontsumitzen diren produktuen adierazgarria ez delako, eta horrela sortzen diren oinarri aldi ezberdinetako serieak lotzearekin loturik egoten da.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Elkartruke-terminoakEkonomian, elkartruke-terminoak herrialde bateko esportazioen prezioek inportazioen prezioekin duten erlazioa da, herrialde bateko lehiakortasuna neurtzeko erabiltzen dena. Esportatutako produktuen prezio-indizea inportatutako produktuen prezio-indizearekin zatituz kalkulatzen da. Zatiketa hori…
Kontsumorako Prezioen IndizeaKontsumorako Prezioen Indizea edo Kontsumoko Prezioen Indizea, labur KPI, norbanakoek eta familiek kontsumitu ohi dituzten produktu eta zerbitzuen prezioen bilakaera neurtzen duen zenbaki indize bat da. Bilakaera horretan…
Ikasliburua: Zenbaki indizeakZenbaki indizeak aldagai multzo bat (gehienetan prezioak eta kontsumitu eta ekoitzitako kopuruak) baterako bilakaera kuantitatibo portzentuala (prezio eta kopuru horiek aldi batetik bestera zenbat igotzen diren) zehazteko erabiltzen…