Segregazioa (soziologia)


KategoriakSoziologia

Segregazioa, zehazkiago segregazio soziala edo gizarte segregazioa

, gizatalde batzuk hiri, eskualde edo nazio bateko gune ezberdinetan bizi direnean gertatzen da; hiri bateko auzo pobreak eta auzo aberatsak, adibidez. Kulturalki, gutxiengoa duen kultura batek kultura nagusi bat bereganatzen ez duenean gertatzen da, bere elementu kultural propioak atxikiz, eta orduan segregazio kulturala deitzen zaio; orduan,  interkulturalitatearen aldaera bat da, integrazioarekin, asimilazioarekin eta esklusioarekin batera. Hala ere, adiera geografikoa izaten du gehienetan, segregatzen diten taldeak aparte bizitzeko joera izaten baita, ghetto direlakoetan, segregazioaren ondorio garbi eta azalekoenetakoa.

Segregazioa diskriminazioaren eta  gizarte bazterketaren ondorioa izaten da eta horren kausa ere bai: segregazioak gizarte bazterketa areagotu egiten du, eta aldi berean gizarte bazterketak berak segregazioa bultzatzen du, integrazio eta asimilazio prozesuak eragotziz. Ildo horretatik ordea, eztabaida izaten da adibidez pobreziak eragindako segregazioak bertako gizataldeak integratzeko borondate ezaren ondorioa den, pobreziaren, delinkuentziaren eta giza laguntzaren kulturan jarraitu nahi dutelako (Chicagoko eskola soziologikotik baieztatu izan den bazala), edota politika instituzionalen ondorio zuzena den. Hala ere, aipatu behar da segregazioa ez dela soilik beheko klaseetan gauzatzen; adibidez, XX. mendearen bukaeratik komunitate hesituen fenomenoak klase aberatsak ere segregaturik bizi daitezkeela erakusten du argi eta garbi.

Antzinako gizarteetan ohikoagoa bazen ere (adibidez, juduak auzo batzuetan, ghetto direlakoetan, guztiz baztertuak bizi zirenean), egungo gizarteetan segregazioa ez da erabatekoa izaten. Adibidez, erlijioa segregaziorako faktorea izaten bada ere, erlijio bateko sinestunak elkarrekin bizitzea nahiago izaten duten arren, egun ez da faktore sendoa izaten bizitokia erabakitzeko; beste muturrean, jazarpen politiko, etniko eta erlijiosoak segregazioa eragiten du maiz, hala nola ijito taldeei Europako hiri batzuetan toki jakin batzuetan bizitzera behartu zaienean kasu. Segregazio-maila neurtzeko, alegia gizataldeak segregaturik edo banandurik zenbateraino bizi diren jasotzen duten adierazle zenbait bizi dira, gune zenbaitetan bizi diren gizatalde ezberdinetako portzentajeak alderatuz.

Ikus gainera: 

Aipuak

  • "Izurri foko horiek guztiak, zulo eta soto likitsak, non ekoizpen-modu kapitalistak gure beharginak giltzaperatzen dituen, ez dituzte akabatzen, lekualdatzen baizik." - Engels, 1875.

Erreferentziak

  • Derek Gregory: The Dictionary of Human Gepgraphy: Segregation. 2009.

 

419 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.