Protagoras Abderakoa


KategoriakFilosofoak

Protagoras Abderakoa , Protagoras izen soilez ere ezaguna, (K.a. 480 - K.a. 419) Antzinako Greziako filosofoa eta sofista da, askoren ustez sofista guztietatik argiena. Perikles lider politiko eta militarraren garaian garatu zuen bere lana, eta hain zuzen ere Periklesen beraren irakaslea izan zen. Sofistentzat, eta Protagorasentzat berarentzat ere bai, erretorika, besteak erakartzeko hizkuntzaren artea, funtsezko ezagutza da, Jainkoak edo besteren batek emandako arau moral eta erlijiosoen gainetik, eta baita ere egia ororen gainetik ere. Horregatik, Platonek sofisten aurka jo zuen gogorki, eta egun ere sofista hitza gaitzesgarri moduan erabiltzen da, hizkuntza egia bilatzeko baino, besteak konbentzitzeko hizkuntzaren trikimailuak erabiltzen dituen pertsona izendatzeko. Hala ere, Platonek berak errespetua zor zion Protagorasi eta solasaldi oso bat eskaini zion, Protagoras izenburuarekin. Hain zuzen ere, Protagorasek ekarpen filosofiko nabarmenak egin zituen, eta eragin nabarmena izan zuen bere ikasle Sokratesen pentsamenduan.

Jainkoei buruz, esaterako, eszeptiko agertu zen guztiz. Bere hitzetan:

Jainkoei buruz, ez dakit badiren ala ez, ez eta nolako itxura duten; hainbat baitira haien ezagutza eragozten duten arrazoiak, hala nola auziaren iluntasuna eta giza bizitzaren laburtasuna.

Beste alde batetik, joniar eskolako filosofo presokratikoen pentsamenduari jarraiki, errealitatea den bezala ez dugu hautematen, nork bere begietatik baizik. Protagorasen pentsamendua erlatibismoarekin lotzen duen ideia hau bere esaldi ospetsuan islatzen da (ikus, Homo mensura):

Gizona gauza guztien neurria da, direnak diren neurrian eta ez direnak ez diren neurrian.

Kondairak dioenez, Protagorasek hiru laguni eskuak ur bero, epel eta hotzetan sartzeko esan zien, ondoren ur berdinetan sartzeko. Hirurek erantzun ezberdina eman zuten bigarren urari buruz, bero, epel eta hotz zegoela esanez, eta Protagorasek erlatibismoaren froga gisa aurkeztu zuen.

 

350 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.