Proiektu bidezko ikaskuntza


KategoriakHezkuntza

Proiektu bidezko ikaskuntza (PBI) ikaskuntza esanguratsuko metodologia didaktikoa da, edukietan baino ikasleek garatu beharreko proiektu izeneko ataza-multzoan eta haietan ikasleek garatzen dituzten konpetentzia eta trebezietan oinarritua. William Heart Kilpatrick (1871-1965) pedagogoak, John Dewey-ren jarraitzailea, asmatutako metodologia da, ikasleen ikaskuntza prozesua zentzua eman nahian.

Proiektua ikasleek aukeraturiko ataza multzo bat da, ikerketa edo problema erreal edo simulatu baten ebazpena eskatzen duena, baina emaitza edo soluzio irekia duena. Esan liteke soluzioa baino garrantzitsuagoa dela, ikasleak proiektuan zehar garatu duen prozesua.  Ikasleek aurretiko konpetentzia eta trebeziak garatuko dituzte proiektua garatzean, eta aldi berean ikerketan zehar konpetentzia eta trebezia berriak garatuko dituzte. Garrantzitsua da proiektua ikasleek proposaturikoa edo irakasleak emandako zerrenda batetik aukeraturikoa da, motibazioa bermatzearren. Hain zuzen ere, motibazioa da proiektua garatzearen arrakastaren giltzarri nagusia.

Orokorrean, proiektuak taldean garatzen dira, ikasleen arteko interakzioa eta konpetentzien eta trebezien partekatzea eta hedapena bideratzeko. Proiketua garatzeko informazio eta baliabideen bilaketa eta erabilera ere funtsezkoak dira proiektu batean, horrexegatik konpetentzia digitala bereziki kontuan hartu beharreko alderdia izango da. Liburuak ere erabil daitezke, baino ezagutza eskuratzeko euskarri mugatu gisa baino, erreferentzia moduan hartuz. Proiektuen beste ezaugarri funtsezko batzuk dira zeharkakotasuna, haietan lantzen diren konpetentziak  jakintza arlo anitzetan barneratzen direnez, eta diziplinartekotasuna, jakintza arlo batzuetako gaiak lantzen direnez. Irakaslearen rola bideratzaile eta dinamizatzaile gisa definitu behar da.

Egun, aplikazio zabaleko metodologia da, haurren hezkuntzatik unibertsitatera. Hala ere, eragozpenak ere baditu: unitate didaktiko klasikoen garapenaren aldean, proiektuek denbora luzeagoa eskatzen dute bere garapenean, eta hezkuntza sistematik ezartzen den antolaketa akademikoak (produktibitatean oinarritua eta bete beharreko ordutegiak eta datak ezartzen dituena) ez du laguntzen proiektuak malgutasunez garatzen.

Ikus, gainera

Beste hizkuntzetan: ingelesez, project-based learning; gaztelaniaz, aprendizaje basado en proyectos (AbP).

369 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.