Pribatizazioak


KategoriakEkonomia

Pribatizazioa estatuaren esku dauden enpresak esku pribatuetara aldatzea da, administrazio publikoaren esku dauden enpresa, aktibo eta zerbitzuak enpresa pribatuei salduz zein administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak sektore pribatuaren esku utziz. Alderantzizko jabetza mugimendua, esku pribatuetatik esku publikoetara, nazionalizazioa da. Pribatizazioaren adibideak dira trenbide-enpresa publikoa enpresa pribatu bati saltzea edo eskola publikoaren zerbitzua kendu eta eskola pribatuen esku uztea. Hala ere, zerbitzu publikoen kasuan, nahasmena sortu ohi da pribatizazioaren eta esternalizazioaren artean: pribatizazioan, administrazio publikoak zerbitzua eskaintzeari utzi eta esku pribatuetan uzten duen bitartean; esternalizazioan, administrazio publikoak zerbitzua ematea enpresa pribatu bati esleitzen dio, ordainsari baten trukean, baina zerbitzu horren eskaintza kontrolatuz eta nolabait zuzenduz; batzuetan, ordea, zerbitzuen publikoen esternalizazioa de facto pribatizaziotzat hartzen da.

Pribatizazioak ohiko auzi politikoa dira esker eta eskuin politikoaren artean. Orokorrean, ezker politikoa pribatizazioen aurkakoa da, eta liberalek, logikoa denez, eta kontserbadoreek, aldekoak. Ekonomilarien artean ere, eztabaida dago horien abantaila eta eragozpenei buruz. Abantailen artean, efizientzia handiagoa aipatu ohi da, kostu txikiagoekin kalitate bereko zerbitzu berdinak eskaintzea alegia, enpresa publikoen salmentarekin ez-ohiko diru-sarrerak eskuratzea eta erabaki-hartzea eta berrikuntzak azkarragoak izatea. Beste alde batetik, pribatizatutako enpresetan mozkinak maximotzearen eta kostuak minimotzearen helburuak lehenesten dira, estatuaren enpresetan ez bezala, eta pribatizazioak desmonopolizazioa eta konkurrentzia ekarri ohi dituela kontuan harturik, konkurrentziazko merkatuetan sortzen dira prezioetan islatzen dira baliabideen benetako prezioak, baliabideen arteko eskasia erlatiboak adierazten dituztenak. Pribatizazioaren aldeko beste argudio bat, estatuaren enpresak politikarien mendean izatea da, eta horrek enpresa helburu politikoei begira jarri, helburu ekonomikoak baztertuz, eta ustelkeria ekartzen du kasu askotan; azkenik, kostu administratiboak handiagoak ere badira estatuaren enpresetan.

Pribatizazioaren aurkako argudioak ere badaude, ordea: abantailetan aipatu diren helburu ekonomikoak dira, hain justu, baztertu beharrekoak askoren iritziz, estatuaren enpresetatik eskaintzen den zerbitzua publikoa denez, gizarte ongizaterako beharrezkoa, merkatuko prezioa baino txikiagoa den prezio publiko bat ezarriz; beste alde batetik, estatuaren jabetzak monopolioa ekarri ohi du, baina hori kaltegarria izatetik urrun, kostuak murriztea ekar dezake, eskala-ekonomien bitartez; azkenik, enpresa pribatuetan kanpokotasun negatiboak (kutsadura, ...) sortu eta kostuak murrituz zerbitzuaren kalitatea kaltetu egiten dela ere aipatu da, enpresa publikoetan horiek zorrotzago ebaluatu eta kontrolatzen diren bitartean. Eragozpenen artean ere aipatzen dira, zerbitzu horiek eskaintzeko diharduten langileen kondizio kaskarragoak, ustelkeria zerbitzuak horiek esleitzerakoan, berez publikoak diren zerbitzuetarako errentagarritasun ekonomikoaren irizpidea lehenestea kalitatearen gainetik, eta gobernuen ardura eta kontrola galtzea zerbitzu publiko horien gainean. Ezker politikotik, pribatizazioak espoliaziotzat hartu ohi dira, esku pribatuei mozkin-iturriak emateko ekintza zikin bat, botere politiko hegemoniko eta neoliberalaren eta interes pribatuen arteko kolusioaren beste ondorio bat.

Estatuaren jabetzaren aldeko argudio horien aurka, pribatizazioa sektore ekonomiko horiek erregulatuz egin daitekeela erantzun da, prezioak, kanpokotasunak eta kalitatea kontrolatuz. Tarteko iritziak badaude, estatuaren jabetza baldintzatuaren aldekoak, hala nola zerbitzuaren kalitatea galtzearen arriskua txikia denean, sektorean berrikuntzarako aukera eskasak daudenean, eta lehiaren eta kontsumitzaileen erabakien ondorioak hutsalak direnean.

Erreferentziak

1.
A Review of Privatization Definitions, Options, and Capabilities. The Montana Legislature. http://leg.mt.gov/content/publications/committees/interim/1999_2000/business/defined.pdf. Accessed 2018.

 

600 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.