Lehiazko ondasunak eta ondasun baztergarriak


KategoriakEkonomia

Lehiazko ondasun eta ondasun baztergarrien tipologia gurutzatuak ondasun publiko, pribatu eta bestelako ondasunen tipologia eta problematika aztertzeko aukera ematen du. Baina problematika hori aztertu baino lehen defini ditzagun lehiazko ondasuna eta ondasun baztergarria. Lehiazko ondasuna pertsona batek erabiltzeak beste pertsona batek erabiltzea eragozten duen ondasuna da; adibidez, lehiazko ondasunak dira sagar bat (nik jaten badut, zuk ezingo duzu jan) eta auto bat (nik erabiltzen badut, zuk ezin duzu erabili aldi berean). Ondasun baztergarria, berriz, pertsona batek erabiltzea eragotzi daitekeen hura da, gehienetan jabetzaren bitartez edo prezio bat jarriz; adibidez, ondasun baztergarriak dira sagarra bera (sagarrak bildu ditut nire lurretan, sagarrak nireak dira, ezin ditu beste inork jan, ordainduta ez bada) eta pelikula bat ikustea (sarrera ordaintzen ez baduzu, ezin duzu pelikula ikusi).

Lehiazko ondasunak eta ondasun baztergarriak gurutzatuz, tipologia hau sortzen da:

  • ondasun lehiazkoak eta baztergarriak direnak aldi berean, ondasun pribatuak alegia, adibidez sagarrak eta autoak;
  • ondasun lehiazkoak eta ez baztergarriak, ondasun komunak deitzen direnak; adibidez mendiko onddoak, izan ere nik biltzen ditudan onddoak zuk ezin dituzu bildu, baina ezin dut eragotzi zuk ere onddoak biltzea;
  • ondasun ez lehiazkoak eta baztergarriak; adibidez, pelikula bat, nik pelikula ikusteak ez du eragozten zuk ere ikusi ahal izatea, baina baztergarria da aldi berean, pelikula ikusteko ordaindu behar duzulako. Ondasun hauek artifizialki eskasak direla esaten da, eta gehienetan jabetza intelektualarekin loturik daude.;
  • ondasun ez lehiazkoak eta ez baztergarriak, ondasun publiko deitzen direnak; adibidez, airea, nik arnasa hartzeak ez du kentzen zuk ere arnasa hartu ahal izatea, eta aldi berean ezin da eragotzi pertsona batek airea arnastea.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, bienes rivales y bienes excluyentes.

347 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.