Kutxa gotorra dirua, agiriak eta baliozko bestelako gauzak segurean, gerizan edo ondo gordeta edukitzeko kutxak edo gordailuak dira, ate eta pareta lodi eta gogorrekin, irekitzeko giltza berezi, zenbaki…

Kutxa-fluxuak (inglesez, cash-flow) enpresak edo horren proiektu edo sail batean gertatzen diren diru-sarrerak (diruzko kobrantzak) eta diru-irteerak (diruzko ordainketak) dira. Diru-sarrera gertatzen denean, kutxa-fluxua positiboa da; diru-irteera gertatzen denean, kutxa-fluxua negatiboa da. Aldi edo proiektu bateko diru-sarrera eta irteera guztien arteko aldea (diru-sarrera guztien zenbatekoa ken diru-irteera guztien zenbatekoa) kutxa fluxu garbia da, positiboa edo negatiboa izan daitekeena.
Kutxa-fluxuak ez dira nahastu behar enpresaren sarrera eta gastuekin: sarrera batek (adibidez, salmenta bat) ez dakar berarekin batera diru-sarrera bat; izan ere, horri dagokion diru-sarrera beranduago gerta daiteke, beste ekitaldi batean edo inoiz ez; halaber, gastu batek (lehengaien erosketa, adibidez) ez dakar berarekin diru-irteera, erosketa hori ere beranduago gerta daitekeelako.
Horrela, kutxa-fluxuetan diru sarrera erreal edo efektiboak biltzen dira, kobratzeke dauden sarrerak eta ordaintzeke dauden irteerak baztertuz, besteak beste. Amortizazio-kuotak ere ez dira kutxa-fluxuak, gastu izan arren. Beraz, kutxa-fluxuek diruaren mugimenduak soilik barne hartzen dituzte eta beraz, enpresaren diru sarreren kalitatea, benetan kobratzen diren ala ez, jasotzen dute, besteak beste. Ohartarazi behar da enpresek gehienetan dirurik ez izateagatik egiten dutela porrot, eta ez horrenbeste galerak izateagatik, eta hortik kutxa-fluxuak kontrolatzearen beharra.
Kutxa-fluxuak inbertsio-proiektuen errentagarritasuna baloratzeko ere erabiltzen dira, proiektuak aldiro sortuko dituen kutxa-fluxu horiek denboran zehar deskontatuz (ikus, Balio Eguneratu Garbia). Kutxa-fluxu mota zenbait bereizten dira: ustiapeneko kutxa-fluxua edo kutxa-fluxu operatiboa enpresaren jarduerarekin loturiko kutxa-fluxu garbia da, interesen ordainketa baztertuz adibidez; beste alde batetik, inbertsioekin eta finantzazioarekin loturiko kutxa-fluxuak ere bereizten dira. Dibisa ezberdinetan egindako kutxa-fluxuen problematika ere kontuan hartzekoa da, kutxa-fluxu garbiak kalkulatzerkoan. Bada baita ere kutxa-fluxu askea deitzen dena (free cash flow), enpresarekin jarduerarekin loturiko kutxa-fluxu garbia, baina jarduera horretako inbertsioak berritzearekin despoltsapenak eta hazkunderako despoltsapenak ere aintzat hartzen dituena.
Harrigarria izan daiteke inbertsio-proiektuak ebaluatzeko kutxa-fluxuak eta ez mozkinak kontuan hartzea. Arrazoia koherentzia da, izan ere, inbertsio-proiektu batean inbertsioaren zenbatekoa hartu behar da kontuan, diru-irteera izaten dena. Inbertsioaren komenigarritasuna aztertzeko hasierako diru-irteera hori geroko diru-sarrera eta irteerekin, kutxa-fluxuekin alegia, alderatu beharko da.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.