Kontrol-zerrenda hezkuntzaren jarduera edo aldi jakin batean ebaluatu beharreko alderdiak, lerroz lerro zerrenda moduan jarrita, betetzen diren ala ez edota beti/gehienetan/askotan/batzuetan/inoiz ez bete diren, zehazten dituen behaketa orria…

Kontrol-orria datuak modu sistematikoan behaketaz jaso eta denbora errealean ondorioak atera eta erabakiak hartzeko tresna bat da. Lerro eta zutabe batzuek osaturiko taula bat da, non datuak jaso ahala, haiek marra edo gurutze batez markatzen diren dagokien lekuan. Kontrol-orria osatzen denean, datuek sortutako marra-egiturak aztertu beharreko egoera edo fenomenoa azalarazten du, horri buruzko ebaluazioa azkar eta erraz egin eta erabakiak hartzeko aukera emanez. Enpresa arloan maiz erabiltzen da, bereziki kalitate-kontrolaren inguruan, hala nola akats-mota eta ezaugarri kuantitatibo bateko maiztasunak markatutako marren bitartez jasotzeko. Egun ebaluazioa garatzen den edozein arlotan erabiltzen da, hala nola hezkuntzan, ikaslearen jokabideak eta lorpenak jasotzeko. Kontrol-orriak behar bezala kudeatu eta aztertzeko, haietako bakoitzean datu-biltzailearen izena, data, datuak zeri buruzkoak eta non jaso diren azaldu behar da.
Kaoru Ishikawa kalitate-aditu japoniarrak zabaldu zuen bere erabilera 1950eko hamarkadatik aurrera eta kalitaterako oinarrizko zazpi lanabesetako bat da, besteak izanik Ishikawaren diagrama edo kausa-efektu diagrama, kontrol-grafikoa, histograma, Paretoren diagrama, puntu-hodeia eta fluxu-diagrama.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, check sheet, tally sheet; gaztelaniaz, hoja de control, hoja de chequeo, hoja de verificación.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.