Kolonialismoa


KategoriakPolitika

Kolonialismoa herri indigena batean kanpoko potentzia baten eskutik dominazio iraunkorra ekarri eta iraunarazten duen estrategia eta prozesu historikoa da, potentzia kolonial edo menderatzailearen botere politikoaren eta interes ekonomikoen mesedetan, gehienetan konkista militar batetik abiarazita. Bereziki XV-XX. mende bitartean garatutako prozesua izan da, Ameriketako, Asiako eta Afrikako herri indigenak zapalduz. Herrialde menderatuari kolonia deitzen zaio, menderatzaileari kolonizatzaile, nazio menderatzaileari metropoli eta koloniak konkistatu eta menderatzeko hasierako prozesuari kolonizazioa.

Potentzia koloniala herrialde aurreratu eta garatua izaten da, teknologia maila handiagoarekin, eta herrialde kolonizatua herrialde atzeratuagoa da ekonomikoki, bizimodu apalago eta motelago batekin, baina aldi berean baliabide natural ugari eta lan indar merkea eskaintzen dituena, potentzia kolonialak esplotatzeko esklabotzaren eta arpilatzearen bitartez. Ohikoa da halaber, herrialde kolonizatuan metropolitik etorritako elite militar eta ekonomikoa bizitzea, burges bidean edo burgestutako klase batekin batera; klase horretako kideei kolono deritze. Ezaugarri horiek guztiengatik, kolonialismoa kapitalismoaren hedapen-estrategia bikaina izan da. Potentzia kolonialak izan dira Espainia eta Portugal, bereziki Hego eta Ertamerikan, eta Frantzia eta Britainia Handia, Afrikan eta Asian. Egun, kolonialismoak aurpegi berria du, neokolonialismo izenekoa, dominazio militarra dominazio ekonomiko eta sozialarekin ordeztuz.

Kolonialismo-motak

  • Esplotazio-kolonizazioa, kolonizatutako lurraldearen baliabide naturalen arpilaketan oinarritzen dena, bertako populazioa lan-indar gisa baliatuz, metropolitik etorritako elite militar eta ekonomiko baten mendean.
  • Populatze-kolonizazioa edo jendetza-kolonizazioa, metropolitik etorritako populazio bat menderatutako lurraldean finkatzen denean, jarduera ekonomikoak garatzeko, bertakoak mendean edukiz betiere.
  • Protektoratuak, bertako elite politikoaren eta metropoliko agintarien arteko itun batez garatzen diren koloniak, non bertako elite politikoari bertako aferak kudeatzeko ahalmena ematen zaion.

Ikus, gainera

345 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.