Odol garbitasunak Iberiar Penintsulako erresumetan Erdi Aroaren bukaeratik eta Aro Garaikidera arte gizabanakoak judu edo mairu jatorririk ez zutelako froga legalari egiten dio erreferentzia, judu eta mairuen aurkako…
Kaparetasun unibertsala lurralde bateko biztanle guztiei, bertakoa izateagatik soilik, kapare izendatu edo aitortzea da. Kaparetasun unibertsalaren pribilegioa Espainiako iparraldeko lurralde batzuetan ezarri zen, besteak beste Bizkaian eta Gipuzkoan XVI. mendean; hots gipuzkoar eta bizkaitar guztiak berez ziren kapareak, eta bizkaitarrak edo gipuzkoarrak zirela egiaztatzearekin batera frogatzen zuten kapareak zirela. Hainbat abantaila eta pribilegio zituzten: kapareek ez zituzten petxak ordaindu behar (beraz, ez ziren petxeroak), ez zuten soldaduska egin behar, eta Espainia osoan tokiko administrazioan parte hartzeko ahalmen osoa zuten.
Bizkaiko eta Gipuzkoako kaparetasun unibertsala lurralde horiek Gaztelako Erresumarekin onartua zuten foru erregimenaren ondorioa izan zen, non lurraldeko biztanleak zergak ordaintzetik salbuesten ziren. Halaber, kapareak jatorriz nobleak ziren haiek ziren, eta horretarako besteak beste judu, mairu edo ijitoen odolik gabekoak zirela frogatu behar zen. Gipuzkoan eta Bizkaian, lurraldeko isolamendua dela eta, argi zegoen odol garbitasuna zutela bertako biztanleek, berez edo jatorriz ziren garbiak alegia, eta horrek ere zabaldu egin zuen kaparetasun unibertsala aitortzeko bidea. Lurralde haietako berdintasun soziala eta zergak biltzea eragozten zuen lurren emankortasun eskasak ere kaparetasun unibertsala ezarri zuten faktoreak izan ziren.
Kaparetasuna Erdi Arotik inplizituki aitortzen zen nolakotasun zen gipuzkoarren eta bizkaitarren artean. XVI. mendean kaparetasun unibertsala ofizialki aitortu zen: Bizkaiko Foruan txertatu zen 1526an, eta 1590ean erregetzako probisio batez onartu zen; Gipuzkoan, 1608 urtean onartu zen. Kaparetasun unibertsalak foru erregimena sendotu eta bertako instituzio politikoak bultzatu zituen. Aldi berean, kaparetasun unibertsal hori atxikitzeko, immigrazioaren aurkako arau zorrotzak ezarri ziren bi lurralde horietan.
Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, kaparetasun unibertsala.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.