Iparraldeko morroskoa


KategoriakAntropologia

Iparraldeko morroskoa, gazteleraz sarrien chicarrón del norte, Hego Euskal Herriko gizonei buruz maiz erabiltzen den leku komuna eta estereotipoa da, Espainian erabilia, gizon horiek beste gizonak baino indartsuagoak, handiagoak eta gogorragoak direlakoan, zehatzago Espainiako beste gizonen aldean. Erreferentzia geografikoak (Iparraldeko, Norte esaten denez Espainian askotan Hego Euskal Herria edo Euskadi izendatzeko) garbi uzten du esamoldearen espainiar jatorria eta erabilera. Ohiko leku komuna eta klitxe da euskal gizon batek altzariak eta bestelako objektu astunak jaso eta garraiatu behar dituenean, eta bereziki inguruko emakumeen ahotik, edota eguraldi fresko eta hotzarekin gizona jantzi arinekin agertzen denean. Euskal gizon handi eta altu bat (morrosko bat, alegia) emakumeen artera agertzen denean ere aipatzen da. Ez da ezaguna esamoldearen jatorria, baina seguru asko gizon euskaldunak indartsuagoak direlako estereotipoa Euskal Herria indarrarekin zerikusia duten herri kirolekin loturikoa da (harrijasotzaileak, arraunlariak, aizkolariak), artean ere maiz irudikatu dena, euskal gizona sendo eta gihartsu erakutsiz. Euskal literaturan aipamen batzuk izan ditu leku komunak; adibidez, Alberto Ladron Aranaren Zer barkaturik ez eleberrian, Almeriako neska batek bertako eguraldi hotza nola jasan dezakeen galdetuta, Mikel protagonistak "Iparraldeko morroskoa nauzu" erantzuten du.


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Iparraldeko morroskoa"; Gizapedian, 7 urria, 2018, /iparraldeko-morroskoa-chicarron-del-norte/.
303 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.