Industria-birmoldaketa (industria-berregituratzea)


KategoriakEkonomia

Industria-birmoldaketa edo errekonbertsio industriala, batzuetan industria berregituratzea edo industria-berregituraketa ere deitua,  eskualde batean gertatzen den industria gainbeheraren ondorioz eta horri aurre egiteko, administrazio publikoetatik industria-sektore berriak sustatu eta industria zaharrak lehiakor bihurtzeko burutzen diren ahaleginen multzoa da, berrindustrializazioa gauzatze aldera. Industria-birmoldaketak industria-gainbehera ekarri duten kausei buelta ematea du helburu: tokiko kostu industrialak handiagoak direnean, eta ondorioz ekonomia emergenteetarako deslokalizazioak eta merkatu galerak ekarri dituztenean, lantegietako produktibitatea gehitu eta kalitatea hobetzen duten teknologiak eta lan metodologiak inplementatzea; industria krisia merkatuko eskariaren gainbeheragatik gertatzen denean berriz, eta ondorioz eskari horiek betetzen duten lantegi horiek ixtea irtenbide bakarra denean, industria-sektore berri eta aurreratuak bultzatzea. Industria-birmoldaketarako neurrien artean, trebakuntza, teknologia berriak ezartzeko laguntzak eta kredituak, merkataritza-sareak eratzea, sinergiak sortuko dituzten enpresa-klusterrak sortzea eta abar daude. Enpresen nazionalizazioak eta kapital publikoko sarrerak ere gauzatu izan dira industria-birmoldaketa prozesuetan, enpresaren porrota saihestu eta enplegua salbatzeko, berez industria-birmoldaketarako neurriak ez diren eta horien arrakasta, beste neurri batzuekin batera konplementatzen ez bada, zalantzazkoa den arren.

Edonola ere, industria-bimoldaketak enplegu industrialaren galera masiboa ekarri du eskualde askotan, langabezia tasa altuak eta arazo sozioekonomiko larriak eraginez, areago kontuan harturik enplegu industriala eskualde zehatzetan kontzentratzen dela. Enplegu industriala berreskuratzeko beste sektore ekonomikoek izan dezaketen bultzada aski ez denean, politika soziala ezinbestekoa da, langabezian geratu diren langileei eta horien familiei laguntza eta irtenbide ekonomikoak eskaintzeko. Industria-birmoldaketak aurrera eraman beharreko erabakiak dira, baina pairatu ere egiten dituzte kasu askotan eskualde industrialetan bizi diren lagile eta familiek. Beste batzuetan, industria-birmoldaketa soldata industrialen murrizketa hutsen bitartez gertatu dira (adibidez antzinako bloke komunistako herrialdeetan) eta industria-birmoldaketa baino, sistema kapitalistan integratze latza besterik ez da izan. langileen lan-kondizio askoz ere okerragoekin.

Luzea da industria-birmoldaketa aurrera eraman behar izan den eskualdeen zerrenda. Lehenengo munduko herrialde gehienetan izan da industria-birmoldaketa beharra: 1970eko hamarkadan Mendebaldeko Europan, Espainian, eta beraz Hego Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan, eta antzinako bloke komunistako herrialdeetan 1990eko hamarkadatik aurrera. Hego Euskal Herrian eragin nabarmena izan zuen industria-birmoldaketarako politikek, eta era lazgarrian gainera, industriaren pisua handia zenez. Lantegi asko itxi ziren eta milaka langile lanik gabe geratu ziren, bereziki ontzigintza eta siderurgia sektoreetan. Horren ondorioz lan gatazka gogorrak izan ziren, Euskalduna ontziolako langileek urteetan burutu zuten esaterako, Bilbon bertan.

XXI. mendean Euskal Herriko birmoldaketa-industriala burutu dela esan daiteke. Lanpostu industrial asko galduta ere, industriak jarraitzen du izaten Euskal Herriko habe nagusia, lehiakorra eta aurreratua.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, industrial restructuring; gaztelaniaz, reconversión industrial.

 

474 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.