Industria astuna beste industrientzat intsumoak ekoizten dituen industria da, bereziki lehengaiak prozesu fisikokimikoen bitartez eraldatu eta beste industrientzat prestatzen dituena. Lantegi eta azpiegitura handiak behar dituen industriak dira, kapital finko eta energia kontsumo handiarekin, eta gehienetan lehengaiak erauzten diren eremutik edota haiek modu masiboan jasotzeko azpiegituretatik (portuak, trenbideak, errepideak) gertu daude. Sektore hauek sartzen dira industria astunaren sailean: industria estraktiboa, mineralen lehenengo prozesamenduaz arduratzen dena; zementoaren industria, siderurgia eta petrokimika.
Industria arina berriz, bereziki azken kontsumitzaileentzako produktuak (ikus, kontsumo-industria) ekoizten dituzten lantegiek osatzen dute, bitarteko produktuak jaso, eraldatu eta muntatu egiten dituztenak, hala nola etxeko elektrogailuak, ordenagailuak, jantziak, garbikariak, elikagaiak eta bizikletak. Inbertsio, lantegi eta azpiegitura txikiagoak behar dituzte, eta balio erantsi handiagoa dute, produktu bukatuak ekoitzi arte garatu beharreko fase anitzen ondorioz. Beste enpresentzako produktuak ere ekoiz ditzakete, hala nola osagaien industria.
Industria astunaren eta arinaren artean ekipo ondasunen industria dago, industria erdiarina ere deitua, beste industrientzat ondasuniraunkorrak (makinak, azpiegiturak, ibilgailuak) ekoizten dituena.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, heavy industry and light industry; gaztelaniaz, industria pesada, industria ligera e industria semiligera.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
ManufakturaManufaktura edo manufakturazioa lehengaiak eraldatuz eta osagaiak muntatuz produktu berriak ekoizten dituen industriaren prozesua da. Antzina, manufaktura lehengaiak eskuz landuz (latinezko manus, "eskua" hitza hartuz) produktuak ekoizteko prozesua…
Eraldaketa-industriaHiztegian, eraldaketa hitzaren esanahi orokor eta arruntari buruz jakin dezakezu. Eraldaketa-industria, eraldatze-industria edo industria eraldatzailea, lehengaiak edo beste industrietan ekoitzitako material eta osagaiak landuz produktu berriak ekoizten dituen…
Kontsumo-industria (kontsumo-ondasunen industria)Kontsumo-industria edo kontsumo ondasunen industria kontsumo-produktuak, familia eta bestelako azken kontsumitzaileentzat produktuak ekoitzi eta merkaturatzen dituen industria sektoreen multzoa da. Beraz, kontsumo-industriatik kanpo geratzen dira beste enpresentzako input…