Indukzioa edo metodo induktiboa arrazoibide mota bat da da, kasu partikularren behaketaz eta orokorrean esperientziatik errealitateari buruzko konklusio orokorrak eratzen dituena. Maiz, dedukzioaren kontrakarrean aipatzen den metodoa da, non aldiz konklusio orokorretatik konklusio partikularretara heltzen garen, inferentzia logikoa erabiliz, biak ezagutza zientifikoa eratzeko modu osagarrian erabiltzen badira ere. Hala ere, indukzioaz eratzen diren baieztapenak egiazkoak baino, probableak direla aipatu behar da. Adibidez, hauxe da arrazonamendu induktibo bat:
Gaur ez da postaria etorri etxera.
Atzo ez zen postaria etorri etxera.
Herenegun ez zen postaria etorri etxera.
Duela hiru egun postaria ez zen etorri extera.
Beraz, postaria ez da etxetik pasatzen.
Adibide horretan ikus dezakegu argi eta garbi indukzioaren bitartez egindako baieztapenak probableak direla eta beraz predikzio edo aurresan gisa hartu behar ditugula: ezin dugu guztiz ziurtatu postaria ez dela pasatzen etxetik, balitekeelako postaria oporretan edo gaixo egotea, baina hala ere, azken egunotan etorri ez dela ikusita, etxetik inoiz ez pasatzea probablea dela esan dezakegu. Indukzioaz baieztatutakoa zenbat eta behaketa gehiagotan oinarritu, predikzioaren probabilitatea eta beraz indukzioaren baliozkotasuna orduan eta handiagoa izango da (postaria azken bi urteotan etorri ez dela ikusita, ziurrago esango genukeen ez dela etxetik pasatzen). Ildo horretatik, estatistikak indukzioan oinarritutako ezagutza eratzen duela esan behar da, bere konklusioak orokorrak direlako beti, erroreak eta salbuespenak onartuz.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Metodo katartikoaMetodo katartikoa edo prozedura katartikoa psikoanalisian erabilitako metodo terapeutikoa da. Sigmund Freud eta Josef Breuer psikoanalisiaren aitzindariek proposatu zuten metodoa histeria sendatzeko, psikoanalisiaren hastapenetan. Metodoa garatzeko, subjektua hipnosi…
InduktibismoaInduktibismoa XVI-XVIII. mende bitartean izandako Iraultza Zientifikoaren garaian Francis Bacon-en (1561-1626) eskutik sortu eta garatutako korronte epistemologikoa da, behaketaz eta saiakuntzaz eskuraturiko datuetatik indukzioa baliatuz zientzia aurreratzeko metodo…
DedukzioaDedukzioa egiazkotzat hartzen diren proposizio edo axioma batzuetatik, inferentzia erregela logikoak erabiliz, egiazkoak diren proposizio berriak eratzeko arrazoibidea da. Maiz, dedukzioa indukzio izeneko prozesuaren kontrakarrean aipatzen da, non…