Ikerketa operatiboa (ikerkuntza operatiboa)


KategoriakEstatistika

Ikerketa operatiboa edo ikerkuntza operatiboa matematika aplikatuaren muga lausoko diziplina heterogeneoa da, optimizazio eta erabaki-hartze problemak aztertu eta haietako soluzioak bilatzen dituena, gehienetan aldagai eta murrizketa anitz dituzten sistema konplexuetan. Horregatik, eredu matematikoen bidez planteatzen dira sarri, soluzioetarako algoritmoak garatuz, sarritan heuristikoak; eta teknika matematiko batzuk batera aplikatuz. Horrenbestez, ikerketa operatiboaren ezaugarria da jakintzaren adar irekia eta diziplinartekoa dela.

Duela mende batzuetatik hona gaur egun ikerketa operatiboaren esparruan sartzen diren arazoak ezagutzen badira ere, ikerketa operatiboa, izen horrekin, Bigarren Mundu Gerran sortu zen, aliatuek ikertzaile-taldeak osatu zituztelarik abian zen gerrari buruzko erabaki-arazoak aztertzeko, adibidez; Ozeano Atlantikoko itsas konboien tamaina optimoa ezartzea alemaniarren erasoek eragindako galerak minimotzeko. Orduantxe jarri zitzaion dizipliba horri ikerketa operatibo izena, "metodo zientifiko bat, sail exekutiboei oinarri kuantitatibo bat ematen diena bere ardurapeko eragiketei buruzko erabakiak hartzeko".

Gerraren amaieratik aurrera, ikerketa operatiboak batez ere ingeniaritzako eta enpresa-kudeaketako arazoetara zabaldu zuen bere aplikazioa, eraginkortasuna helburu nagusitzat hartuta. Gaur egun, eragiketen ikerketa interdiziplina bat da, eta honako arlo hauetan aplikatzen da: baliabideen esleipena, garraioari eta hornidura-kateei buruzko problemak, sareen diseinua, proiektuen programazioa, azpiegituren kokapena, inbentarioen kudeaketa eta ekoizpenaren antolakuntza.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, operations research; gaztelaniaz, investigación operativa.

282 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.