Ikastolak


KategoriakHezkuntza

Ikastolak euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten ikastetxeak dira, historikoki guraso, elkarte eta herri ekimenetatik sortuak, euskaraz ikasteko oztopo eta eragozpenak gainditze aldera. Lehen ikastola 1914 urtean sortu zen lehen ikastola, Koruko Andre Mariaren Ikastetxea, Donostian. Ikastolen sorrera Bigarren Errepublika garaian azkartu zen, Euskal Herri osoan zehar. Erregimen frankistak, ordea, euskararen zerikusirik zuen guztia erreprimitu eta horrekin batera ikastolak deuseztu zituen. Urte haietako figura nabarmena izan zen Elbira Zipitria, 1944tik hasita euskarazko eskolak ematen eta antolatzen zituena etxe partikularretan. 1960ko hamarkadan zehar, 1957an Bilbon, eta erregimenetik ezartzen ziren oztopo administratibo ugari gaindituz, ikastolak sortzen hasi ziren berriz ere, han eta hemen, abertzaletasun eta euskararen aldeko mugimendu zabal baitan. Ipar Euskal Herrian, ikastolek Seaska elkartea osatu zuten 1969an, ikastola guztiak biltzeko, geroztik Ipar Euskal Herriko gidaritza egin duena. Espainiako Trantsizioarekin batera, ikastolen zabalkuntza handia izan zen, haien aldeko gizarte mugimendu zabal batekin batera. Ikastola guztiak zentro pribatu gisa sortzen ziren, baina guraso eta herri elkarteen sostenguarekin. Gizarte mugimendu horren baitan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan eta Ipar Euskal Herrian, urteroko jaialdiak antolatzen dira (Kilometrok, Gipuzkoan; Ibilaldia, Bizkaia; Araban, euskaraz, Araban, Nafarroa Oinez, Nafarroan; eta Herri Urrats, Ipar Euskal Herrian, han ospakizuna Senpere herrian egiten delarik beti), aurrez aukeraturiko lurraldeko herri batean oinez zeharkatu behar den zirkuitu baten inguruetan, 1990 eta 2000ko hamarkadetan ehun milaka lagunak bilduz. 1993 urtean Euskal Eskola Publikoaren Legea plazaratu zen Euskal Komunitate Autonomoan, eta horren ondorioz ikastolei eskola publiko bihurtzeko aukera eman zitzaien. Beraien borondatez publifikaziotik kanpo geratu ziren ikastolak zentro pribatu gisa jarraitu zuten, baina itunpeko erregimen batean, subentzioak jasoz. Horrekin batera, ikastoletatik aparte, administrazio publikotik bermatu egiten da orokorrean euskaraz ikasteko eskubidea, euskara ofiziala den eremuetan, hain zuzen ere Euskal Komunitate Autonomoan eta Nafarroako euskal eremuetan. Azken hamarkada hauetan ikastolen egoera normalizatu bada ere, oztopo, eragozpen eta kritika ugari jasan eta  jasaten dituzte egun ere: Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuarekiko tirabirak etengabeak dira, eta laguntza publikoak jasotzeko oztopo ugari daude; Nafarroan, Euskararen Legeak oztopoak jarri izan dizkie euskaldunak ez diren eremuetan ikastolak laguntzeko, eta Espainiako komunikabideetan ohikoak izan dira ikastola euskal abertzaletasunarekin, eta are larriagoa, ETAren jardunarekin lotzeko diskurtsoak. Egun, ikastolak eta administrazio publikotik bermatzen den euskal eskola publikoak, euskara hutsezko ereduan, irakaskuntzarako hizkuntza eredu berdina eskaintzen diote gizarteari, baina ikastolek atxiki egiten dute oraindik ere irakaskuntza eredu berezia, herritik sortua eta kudeatua.

464 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.