Hitzik gabeko komunikazioa hitzezko komunikazioaren aldaera osagarria da, hitzekin batera keinuak, jarrerak, begiradak, intonazio edo ahots tonua, esaldiaren abiadura eta bestelako elementuak biltzen dituena. Egindako zenbatespenen arabera, transmititzen den informazioaren %65a izatera hel daiteke hitzik gabeko komunikazioa. Hitzekin ez bezala, inkontzientea da maiz, eta horren jatorria fisiologikoa, instintiboa, edo kulturala izan daiteke, ohitura eta usadioekin loturik. Erabilerari buruz, hitz bidezko komunikazioa indartzeko erabil daiteke, baina batzuetan hitzen bidez adierazitakoaren aurkakoa izan daiteke; pertsonaren jarrera komunikatzean ere adieraz dezake (urduritasuna, adibidez). Kodifikazioari buruz, arbitrarioa izan daiteke, hitzekin batere loturarik ez dagoenean, eta ikonikoa, keinua edo dena delakoa hitzez adierazitakoarekin bat datorrenean. Hitzik gabeko komunikazioaren hiru aldaera edo arlo bereizten dira: kinesika, keinu, begirada eta mugimendu bidezko komunikazioa, proxemika, jarrera eta beste pertsonekiko distantziekin lotua, eta kronemika, hitzen abiadurarekin loturik. Batzuetan diskurtsoaren abiadura, tonua eta bolumena parahizkuntza terminoan biltzen dira.
Loturiko artikuluak
Klandestinitatea eta klandestinoaKlandestinoa (latinezko clandestinus adjektibotik, "ezkutukoa") aginteari eta legeari itzuri egiteko ezkutuko eta sekretupeko jokabideak eta ekintzak izendatzeko erabiltzen den hitza da, bereziki jokabide horiek disidentzia politikoarekin zerikusia badute;…
Hautagaiak eta hautesleakHauteskundeetan, hautesleak botoz euren ordezkari politikoak aukeratzen dituzten pertsonak dira; ordekari politiko gisa hautatuak edo aukeratuak izateko aurkezten direnak, berriz, hautagaiak dira. Hautagaia eta hauteslea izatea adin nagusiko…
Ohiturak eta usadioakOhiturak eta usadioak pertsona, gizatalde eta gizarteek dituzten portaera errepikatu eta iraunkorrak dira, azkenean haien kulturako osagai bilakatzen direnak, tradizioa deitzen dena osatuz. Horien garrantzia nabarmena da kulturetan…