Hezkidetza


KategoriakHezkuntza

Agian, kohezkuntza kontzeptua bilatzen ari zinen.

Hezkidetza ikasleak berdintasun eta aniztasunezko hezkuntza-eredua da, pertsonak sexu, jatorri edo bestelako diskriminaziorik gabe hezten dituena, eskola inklusiboa lortze aldera. Horretarako ez da aski eskolako praktika formaletatik diskriminazioa ezabatzea, beharrezkoa baita ideologia diskriminatorio eta esklusiboa ere, askotan begi bistakoak ez diren jokabideak, guztiz baztertzea.

Bereziki genero-ikuspegitik landu den hezkuntza-eredua da, nahiz eta globalizazioak ekarritako immigrazio masiboek kultura desberdinen integrazioaren inguruko alderdiak ere plazaratu dituen.  Generoaren ikuspegitik, hezkidetza neska eta mutilen baterako hezkuntzarekin, hezkuntza mistoarekin alegia, identifikatu da: hezkidetza ordea eredu askoz ere ausartagoa da, neskak eta mutilak pilatzeaz ez ezik, haien arteko genero desberdintasun guztiak ezabatzeko, neska eta mutilen artean heziketa lan sakona exijitzen duena, besteak beste gizartetik datozen estereotipoak baztertuz.

Hortik aurrera, adiera zabalagoa hartzen joan, eta haurrak erabateko berdintasunean hezteko modu gisa definitzen da, elkarren arteko errespetu, bizikidetza eta elkarrizketan oinarritua, maskulinoa eta femeninoa kategoria bateragarritzat hartuz, gizartean sexuaren araberako diskriminazioa ezabatze aldera.

Hezkidetzarako beharrezko diren elementuen artean, eduki, jarrera eta balio egokiak (hala nola, historikoki nagusi izan diren gizonen ekarpen kultural eta zientifikoekin batera emakumeenak ere nabarmenduz, hizkuntza sexista baztertuz), familiaren lankidetza, haurren autokonfiantza, haurrak garatu nahi dituen jardueretan lagunduz, eta haien gorputzaren autoezagutza daude. Aldi berean, hezkuntzako profesionalen antolaketa egokia ere ezartzea beharrezkoa da, historikoki beheko hezkuntza-mailetara baztertu den andereño haren figura ezabatuz, eta irakasle maskulino eta femeninoen arteko oreka bilatuz.

Azkenik, nabarmendu behar da hezkidetza ez da protokolo batean burutu beharreko ekintza zerrenda bat, baizik eta eguneroko praktika bat, kritikoa eta eraikitzailea, konpromisoa eta elkartasuna helburu dituena, eta ikasleen, irakasleen, eskolaren eta hezkuntza-komunitatearen parte hartze aktiboa (ikus, kohezkuntza) eskatzen duena diskriminazio guztiak gainditzeko.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, coeducación, educación en igualdad.

Ikus, gainera

360 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.