Giza garapena


KategoriakEkonomia

Zoriona al dakar diruak? Diruarekin nahi bezainbeste eros dezakezu, baina horrek zoriontsu egingo zaitu? Zenbateraino? Galdera hauen erantzunaren ildotik sortu da giza garapenaren kontzeptua, diruak eta orokorrean aberastasun ekonomikoak, gizarteen zoriona eta ongizatea bermatzen ez dituela sinetsirik.

Garapen ekonomikoa nazio eta gizarteen ongizatea eta zoriontasuna adierazteko paradigma nagusiak izan ziren XX. mendearen bukaeran. 1980ko hamarkadatik, ordea, hazkunde ekonomikoak (BPGaren hazkundearen bitartez jasota) gizarteen ongizatearekin duen lotura zuzena kolokan jartzen hasi zen. Hain zuzen ere, ikusita dago badirela ekonomikoki azpigaratuak izanda ere gizarte orekatu eta betegarriak haietan bizi direnentzat, eta aldiz gizarte ekonomikoki aurreratuak ongizate eskasekoak haien herritarrentzat. Aberastasun ekonomikoa gizarteen ongizaterako funtsezko aldagaia dela aitortzen den kasuetan ere (pobrezia ekonomikoak gizarteen ongizatea guztiz mugatzen duela jakina baita), jakina da ongizatea ez doala beti horren eskutik, puntu batetik aurrera aberastasunaren gehikuntzak apenas baitakar zorion handiagorik.

Giza garapenaren paradigma berriak berriz, gizakiaren beharrak (behar ekonomikoak, baina baita ere osasunarekin, hezkuntzarekin, gizarte harremanekin eta orokorrean zorionarekin loturik) orokorrean hartzen ditu, gizakiaren hazkunde pertsonalerako eta sozialerako baldintzak kontuan hartuz. Ez du baztertzen guztiz errenta ongizatearen adierazle moduan, baino bitartekotzat hartzen du eta ez helburu soil gisa.

François Perroux eta Amartya Sen ekonomilariaren lanetan oinarriturik besteak beste, giza garapenaren paradigma berria lehentasuna hartzen joan zaio hazkunde ekonomikoari ongizatea eta aurrerapena baloratzeko. Horri buruz egindako ikerketen ondorioz, Human Development Index (HDI) edo Giza Garapenaren Indizea izeneko adierazlea garatu da azken hamarkadetan gizarteen aurrerapena neurtzeko, BPG eta per capita errenta ordeztuz, azken hauek oraindik maiz erabiltzen diren arren, baina gero eta gehiago ikuspuntu ekonomiko huts batetik, jakinda mugatuak direla guztiz gizakiaren garapena adierazteko.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, human development; gaztelaniaz, desarrollo humano.

Ikus, gainera

 

371 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.