Gerra Hotza


KategoriakHistoria

Gerra Hotza Ameriketako Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak, euren aliatuekin batera, Bigarren Mundu Gerraren amaieraz geroztik eta Sobietar Batasuna desegin arte garatu zuten gatazka eta liskar etengabea izan zen, gerra erabatekoa izatera heldu ez zena, baina mundua, bi superpotentzia horiek zuzenduriko bi bloketan banatuta (herrialde kapitalistak eta bloke komunista) tentsio bizian eduki zuena. Gerra Hotza Bigarren Mundu Gerraren bukaeran naziek okupatu eta gero gerraren amaieran haiei irabazitako herrialdeen mugak eta esfera politikoak ezartzerakoan abiatu zen, finean herrialde kapitalistetan ala bloke komunistara bilduko ziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Gerra Hotza piztu zuen gertakari nabarmenena Berlin hiria kontrol eremu desberdinetan banatzea izan zen, Mendebaldeko Berlin Estatu Batuen eta haien aliatuen kontrolpean utziz eta Ekialdeko Berlin sobietarren kontrolpean. Berlingo hiria zatikatu arren, milioika izan ziren Ekialdeko Alemaniatik Mendebaldeko Berlinera igaro ziren hiritarrak, sobietarrek ezarritako blokeoa gaindituz, harik eta 1961 urtean Berlingo harresi handia eraiki zuten arte. Europa osoan ere herrialde komunistak eta kapitalistak bereizi zituen Altzairuzko Teloia izeneko hesi eta defentsa lerroa eraiki zen.

Berlingo harresia izan zen Gerra Hotzeko sinbolo deigarriena, baina bestelako tentsio-guneak ere izan ziren, hala nola Koreako Gerra, 1950-1953 artean, Sobietar Batasunak sustatzen zuen Ipar Korearen eta Estatuen batuen babespean zegoen Hego Korearen artean, azkenean muga itxi bat ezarriz bukatu zena, gaur egun ere indarrean dagoena. 1950eko hamarkadan arma lasterketa handia garatu zen bi superpotentzien artean, arma nuklearrak ugalduz, mundu osoan gerra nuklear baten izua zabaldu zuena. Urte haietako une larriena Kubako misilen krisia izan zen, 1962 urtean, Estatu Batuek Kuba komunista inbaditzeko planak agerian geratu zirenean piztu zena eta mundua gerra nuklear baten atarian jarri zuena. Hain zuzen ere, 1960 urtetik aurrera aldatu egin zen Gerra Hotzaren erdigunea, Europatik Afrikan eta Asian deskolonizazio prozesuak garatzen ari ziren herrialdeetara eta horren tentsio gune handiena Vietnamgo Gerra izan zen, 1970eko hamarkadako erdialdera arte zabaldu zena. Latinamerikako herrialde batzuetara ere zabaldu zen Gerra Hotza, hala nola Txilera, Salvador Allende ezkertiarrak boterea bereganatu eta haren aurkako estatu kolpea izan zenea, Estatu Batuek sustaturik besteak beste; eta Nikaraguara 1979ko iraultzaren ondorioz, sandinistek, bloke komunistak lagundurik, boterea bereganatu, baina Estatu Batuek gerrilla kontrairaultzailea antolatu zutenean. 1980ko hamarkadan, Afganistan ere Gerra Hotzaren agertokia izan zen, komunisten erregimenaren aurka Estatu Batuek insurjentzia islamista lagundu zutenean; Sobietar Batasunak tropak bidali zituen baina azkenean erretiratu behar izan zituen insurjentziaren indarrari aurre egin ezinik. Ordurako, Sobietar Batasuna krisi larrian zegoen, ekonomikoki nahiz politikoki oso ahulduta, perestroika izeneko erreformak burutu arren. 1989ko azaroan Berlingo harresia erori zen, iraultza herrikoi eta baketsu baten ondorioz. 1991an, Sobietar Batasuna desegin zen, eta bertako errepublika guztiek jabetza pribatua, merkatu-ekonomia, demokrazia liberalak eta orokorrean kapitalismoa sistema sozioekonomiko gisa onartuta, amaiera eman zitzaion Gerra Hotzari.

Arestian azaldu bezala, Gerra Hotza gerra geopolitikoa izan zen, baina aldi berean ekonomikoa, teknologikoa eta kulturala ere bai. 1945etik 1990era, bi superpotentziak jo eta su aritu ziren lorpenak egiten arlo guztietan. Espazioko karrera, non Sobietar Batasunak bidali zuen lehenengo satelitea, Sputnik izenekoa, espaziora baina Estatu Batuak izan ziren lehen gizakia eraman zutena Ilargira, Gerra Hotzaren kapitulua izan zela esan daiteke. Olinpiadak eta kirolak orokorrean, eta bereziki aipa dezagun xakean, bi superpotentzien lehia eremu izan ziren, nork lortuko garaipen eta domina gehien.

605 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.