Gainpopulazioa


KategoriakSoziologia

Giza gainpopulazioa edo superpopulazioa hiri edo eskualde batean dagoen gehiegizko biztanle-dentsitatea da. Terminoa planeta osoari ere aplikatzen zaio, egungo biztanleria globalarentzat Lurrak aski baliabide naturalik (janaria, lehengaiak, ...) ez duela, denontzat baliabide nahikorik ez dagoela alegia, baieztatzen denean. Gainpopulazioa gizakion gehiegizko dentsitateak ingurumenean kalte jasanezinak eragiten dituenean ere gertatzen da. Aldi berean, arazo soziekonomikoak (pobrezia, gatazkak, ezberdintasun ekonomikoak, ...) eragiten dituela ere baieztatzen da. Gainpopulazioan ingurunean eragiten duen arazo multzoari presio demografikoa deitzen zaio.

Orokorrean gainpopulazioaren posibilitatea onartzen bada ere, mundua gainpopulatua den eztabaidatsua da. Eztabaida gainera antzinatik dator, XVIII. mendearen bukaeratik hain zuzen, Thomas Malthusek hazkunde demografiko mugagageak eragin ditzakeen arazoetaz, hazkunde mugagabearen ezintasunaz finean, ohartarazi zuenean, bereziki populazio osoa elikatzeko behar diren baliabideen inguruan. Maltusianismoak jarratzaile anitz izan ditu geroztik, garai jakin batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago ordea. Gainpopulazioaren posibilitatearen guztiz aurkakoak ere badaude, historian gertatu den produktibitatearen gehikuntzak eta aurrerapen teknologikoek gainpopulazioa behin eta berriz atzeratu dutela, eta gainpopulazioaren posibilitatea oraindik urrun dagoela, baieztatuz. Izan ere, populazio handiak baditu onurak: zientzialari eta pentsalari gehiago biltzen ditu bere baitan, gehiegizko populazioak eragin ditzakeen arazoei irtenbidea emango dizkietenak finean.

Gainpopulazioaren arriskua handiagoa zen XX. mendearen erdialdera arte, mundu mailako jaiotza-tasa handia, heriotza-tasaren gutxitzea eta bizi-itxaropenaren luzatzea batera gertatu zirenean, munduko populazioa 7.000 milioi biztanletik gora eramanez. Egun ordea, jaiotze-tasa asko murriztu da, belaunaldi zaharrak ordezteko nahikoa den tasatik behera hain zuzen, eta arazo larriagotzat hartzen da biztanleriaren zahartzea gainpopulazioa baino. Hala eta guztiz ere, munduko eremu batzuetan, hala nola megalopolietan, gainpopulazioa nabaria da, eta arazo ekonomiko eta sozialak sortzen ditu, hala nola ur-horniduraren eta etxebizitza-eskubidearen inguruan, baina orokorrean eta maila globalean irizten da posible dela, egungo eta hurrengo hamarkadetako  populazioari buruz egindako proiekzioen arabera, gizaki guztiontzat ongizate maila onargarria eskaintzea, gainpopulazioaren katastrofismoa eta larritasuna urrun leudekeela oraindik, horretarako aberastasun ekonomikoak banatzeko politika egokiak eta jasangarritasunaren aldeko apustu sendoa egiten bada. Gainpopulazioari buruz planteatu diren beste soluzio batzuk, hala nola beste planeta batean kolonia estralurtarrak ezartzea, zientzia fikzioa dira oraingoz.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, overpopulation; gaztelaniaz, superpoblación.

419 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.