Federazioak, federalismoa eta estatu federala


KategoriakPolitika

Federalismoa printzipioz subiranoak edo berez autonomoak diren entitate politikoen multzo batek eskumen batzuk partekatuz eratzen duen antolakuntza politikoa da, estatu federala edo federazio izeneko estatu zentral bat osatuz.  Estatu federal edo zentralak gai komun batzuk baino ez ditu kudeatzen, hala nola kanpo harremanak, defentsa eta banku zentrala, eta entitate federatuek berezko botere politiko gehiena atxikitzen dute, legegintzan, gobernuan eta justizian. Estatu federala eta konfederazioak antzeko sistemak diren arren, konfederazioan entitate politikoen arteko bereizketa nabarmenagoa da, federalismoan integrazioa edo batasuna, betiere norberaren autonomias errespetatuz, funtsezkoa den bitartean. Bereizi behar dira, halaber, estatu federala eta estatu deszentralizatua; azken honetan, estatu zentrala baita eskumen batzuk beste entitateen esku uzten dituena, federalismoan eskumen horiek entitate federatuek berez atxikitzen dituztelarik. Estatu federalen beste ezaugarri bat bikameralismoa da; hau da, parlamentua bi ganberek osatzen dute: lurralde mailako ganbera, Senatua, non entitate federatuek duten ordezkaritza; eta estatu federaleko hiritar guztiek ordezkatzen dituena, Asanblea Nazionala edo Kongresua, deitua gehienetan.

Estatu federalak dira, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Alemania eta Australia. Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetako e pluribus, unum leloak ("askotatik, bat")  ondo asko adierazten du federalismoaren mamia, jatorrian nazio subiranoak diren entitate politikoen batasuna alegia.

Estatu eremutik kanpo, federazioa erakunde autonomo batzuk bateratu egiten dituen elkartea ere bada, gai eta helburu komunak lantzeko. Horrela, adibidez, kirol federazioak herri mailako herri elkarteen batasunaz eratzen dira.

Ikus, gainera

 

316 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.