Euskal foruak, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako lurraldeek, bakoitza bere aldetik, Gaztelako Erresumari (XVI. mendera arte) eta Espainiari buruz hainbat mendetan zehar atxiki zituzten arau juridiko propioen corpus edo multzoak dira, foru erregimena osatzen dutenak. Aldi berean, udalerri batzuetako foru bereziak ere biltzen ditu. Foruak XV. eta XVI. mendeetan zehar osatzen hasi ziren, Erdi Aroko ordenantzak, ohiturak eta usadioak bilduz, eta hurrengo mendeetan zabaldu, harik eta XIX. mendean ia guztiz desegin ziren arte, karlistaldiak izeneko gudak espainiar estatu liberalak irabazi eta Espainiako lurralde osoan lege berdintasuna eta zentralismoa inposatu zirenean. Frankoren diktaduran zehar, foruetatik geratzen ziren aztarnak guztiz bertan behera utzi ziren. Espainiar trantsizio demokratikoan onarturiko Euskadiko eta Nafarroako Autonomia Estatutuek foruek ezartzen zituzten eskubide historikoak bermatu egiten dituzte, eta haien bitartez foru-erregimena, foru aldundietan gorpuzturik, berreskuratu egin dela esan daiteke.
Historian zehar, forua Hego Euskal Herriko probintziak bertatik gobernatzeko marko juridikoa izan da, espainiar monarkiari buruz autonomia zabal batez. Aldi berean, espainiar legeak aplikatzeko foru-baimena ezartzen zuten, lege haiek indarrik gabe uzten zuena, foruaren aurkakoak zirela kontsideratzen zenean. Probintzia bakoitzeko foru-erregimenaren gailurrean Batzar Nagusiak daude, egun demokratikoki aukeratuak, baina historikoki jauntxoen esku izan direnak. Hala eta guztiz ere, monarkiak eta estatuak bere ordezkariak atxikitzen ditu, korrejidoreak historian, eta egun Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak.
Corpus juridiko gisa, foruek denetariko aspektuak erregulatu eta erregulatzen dituzte egun ere. Gaur egun, zerga autonomia eta estatuarekiko kontzertu ekonomikoa dira foru-erregimenaren ezaugarri nagusienak, baina historian zehar erlazio sozioekonomikoak arautu dituzte, hala nola arau protekzionistak ezarriz (adibidez, gariari, ikatzari eta burniari buruz), soldadutza eta merkataritza. Adibidez, itsas merkataritza erabat askea zen eta horren ondorioz aduanak barnealdean zeuden, lurraldearen barneko mugetan. Horretaz gainera, foruek identitate politiko eta kultural berezia sortu dute Hego Euskal Herriko lurraldeetan, forua herria bertatik gobernatzeko oinarritzat harturik, eta nolabait babesa eta pribilegioak ematen zizkien bertakoei. Hala eta guztiz ere, ezin esan daiteke foru-erregimena erakunde demokratikoa izan denik, eta mende luzeetan zehar elite eta oligarkia ekonomiko eta politikoak kontrolatzen zuen bere interesen arabera. Besteak beste estamentu horien pribilegio bereziak ezabatze aldera sortu zen XIX. mendeko gatazka foruen inguruan, alde batetik, foruak txertaturik zeuden Antzinako Erregimenaren, eta bestetik estatu liberalaren artean, karlistaldiak piztuz eta finean XIX. eta XX. mendeko euskal lurraldeetako historia osoa eraginez, bereziki espainiar estatuarekiko gatazkari buruz.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Foru aldundiakForu aldundiak edo foru diputazioak, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, lurralde horietako gobernu eta administrazioa burutzen dituzten erakunde politikoak dira. Espainiako probintzia-diputazioak bezalako…
Foru-baimena (foru-pasea)Espainian, foru-baimena, foru-pasea edo pase forala forua duten euskal lurraldeetako tokiko erakundeek (ikus, euskal foruak) Espainiako Erresumatik etor zitezkeen legeak eta arauak foruen aurkakoak zirenean haiek bertan behera…
Foru erregimenaForu erregimena euskal foruak, probintzia edo lurralde historiko ezarri eta aplikatu egiten dituzten erakunde politikoen multzoa, foru aldundiak bereziki, eta araudia da. Horren jatorria Erdi Aroan daude, euskal…