Estajanovismoa


KategoriakEnpresa

Alexei Stakhanov, meategian lanean.

Estajanovismoa Sobietar Batasunean 1930eko hamarkadatik garatutako langile mugimendua izan zen, lantegietako produktibitatearen gehikuntza langileen talde motibazioaren eta ekimenaren esku uzten duena. Motibazioaren iturriak aurretik egindako produktibitate markak gainditu eta ondoriozko taldeko poza eta errekonozimendu soziala ziren, herriaren alde egindako lana eta sakrifizioa goraipatuz, komunismoaren idealekin bat. Mugimenduaren figura nagusia Alexei Stakhanov meatzaria izan zen, proposamen tekniko sinpleak eginez eta adorea jarriz, bere meategiko produktibitatea nabarmen gehitu zuena.  Egun, estajanovista lana gogotik, nekerik gabe, egiten duen langileari ere deitzen zaio hedaduraz.

Stakhanovek meategian lortutako arrakasta ikusita, agintariek Stakhanov eredu moduan jarri zuten. Urtetan zehar, erregimen komunistak pribilejiozko tratua eman zioten berari eta bere familiari eta Sobietar Batasuneko hainbat bazterretara bidali zuten, langileak motibatzeko. Estajanovismoa beste sektore ekonomiko askotara zabaldu zen, haietan ere langile eredugarriak buru. Mugimenduak arrakasta lortu zuen lehenengo urtetan, ekoizpena nabarmen gehituz, baina azkenean Sobietar Batasuneko sistema ekonomikoak ezarritako mugekin topo egin eta ahitu egin zen, agerian utziz produktibitatea gehitzeko beharrezkoak diren beste faktoreen beharra, hala nola teknologiaren berrikuntza eta liberalizazioa, komunismoaren sistema burokratikoak bereganatu ez zituenak.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, Stakhanovite movement.

288 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.