Artean, materializazioa artistaren ideia edo kontzeptu bat artelan baten bitartez gauzatu eta errealitatea bihurtzea, ikuslearekiko komunikazioa sortu ahal izateko. Materializazioa da beraz artelanari zentzua ematen diona, artelanaren azken…
Zentzu zabalean, espresionismoa artistaren pertzepzio objektiboa ez, baizik eta bereziki sentimendu subjektiboak islatzen dituen korronte eta estilo artistikoa da. Hala, artelan espresionistaren ezaugarri ohikoa dugu irudien itxuraldaketa, artistaren gogotik sortutakoa, era guztiz pertsonalean. Zentzu hertsiagoan, 1905-1930 urteetan, bereziki Alemanian, eta baita Austrian, Frantzian eta Errusian, garatutako mugimendu piktorikoa izan zen, aurreko ildo espresionistatik bideratutakoa, eta bereziki gizarte modernoan artistek sentitzen zuten egonezina, beldurra, nahigabea eta sumina islatzen zituena, irudikatutako gaietan zein tekniketan, artelanak askotan modu espontaneo eta bortitz batez burutzen zirenez, margolaritzaren elementu formalak nahastuz eta muturrera eramanez. Horrela, garaiko margolan espresionistak esanguratsuenak bortitzak, biziak eta beteak dira, kolorez, marraz eta formaz, batzuetan haluzinazio moduko sentipena eragiten dutenak.
Espresionismoaren aurrekariak XIX. mendearen bukaeran aurkitzen dira, Vincent van Gogh, Edvard Munch, eta James Ensor eskutik, koloreak eta marrak margolanari ukitu pertsonala emateko baliatu zutenak. Hasierako lan espresionista horietan, ohiko gaia natura zen, inpresionismoan bezalaxe, baina literaltasunetik urrun. 1905 urtean, Die Brücke (“Zubia”) taldean bildu ziren Erich Heckel, Karl Schmidt-Rottluff, Fritz Bleyl, Emil Nolde, Max Pechstein, eta Otto Müller besteak beste, inpresionismoaren azalkeria naturalista gaitzetsiz eta indar espiritual biziagoa aldarrikatuz. Neoinpresionismoaren eta faubismoaren eragina izan zuten, eta baita Berpizkundeko artistena ere, hala nola Durerorena. Beste talde bat Der Blaue Reiter (“Zaldun urdina”) izan zen, besteak beste Vasili Kandinsky, Franz Marc, August Macke, Alexej von Jawlensky, Marianne von Werefkin, Gabriele Münter, Lyonel Feininger, Albert Bloch bildu zituena, mundu errealetik alde eginez irudimenera jo zutenak, azkenean abstrakziora heltzeko. Zinea izan zen arte espresionistaren beste bitarteko bat; arlo horretan Robert Wiene-ren Caligari doktorean kabinetea (1920), Paul Wegener-en Golem (1920), F.W. Murnau-ren Nosferatu (1922), and Fritz Lang-en Metropolis (1927) aipatu behar dira, gizakiaren eta gizartearen ikuspegi ezkorra islatzen zutenak. Literaturan, arkitekturan, eskulturan eta musikan ere garatu ziren joera espresionistak urte haietan. Alemaniako mugimendu espresionistaren desagerpena bat-batekoa izan zen, naziek 1933 urtean agintea hartu eta artelan espresionistak usteltzat jo eta debekatu zituztenean; ondorioz, artista asko ihes egin zuten, kasu askotan Estatu Batuetara.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.