Eskala-errendimenduak


KategoriakEkonomia

Eskala-errendimenduen bitartez ekoizpen-faktore guztiak gehitzean ekoizpena nola aldatzen den aztertzen da. Hiru motako eskala-errendimenduak bereizten dira oinarrian, teknologia jakin baterako:

  • eskala-errendimendu konstanteak daudenean, ekoizpen-faktore guztiak portzentajez neurri berean gehitzen badira, ekoizpena portzentaje horretan gehitzen da;
  • eskala-errendimendu beherakorrak daudenean, ekoizpena ekoizpen-faktoreen gehikuntza baino apalago gehitzen da;
  • eskala-errendimendu gorakorrak daudenean, ekoizpena ekoizpen-faktoreak baino gehiago gehitzen da.

Adibidez, makina eta langile bana edukita 1000 pieza ekoizten badira, baina bi makina eta bi langilerekin 2200 pieza ekoizten badira, eskala-errendimendu gorakorrak ditugu: faktoreak bikoiztean ekoizpena neurri handiagoan handitu delako (bider 2.2).

Eskala-errendimendu gorakorren arrazoiak

Eskala-errendimendu gorakorrak faktoreen espezializazioarekin eta lanaren zatiketarekin daude loturik: adibidez, langile kopurua bikoiztean, langileak ataza espezializatuagoak egin ditzakete, eta horrela ekoizpena proportzionalki baino gehiago handitu. Kapital gehiagorekin, teknologiak produktibitate handiagorako aukera ere ematen du. Horrek eragina du kostuetan noski: eskala-errendimendu gorakorrak daudenean, kostu marjinala eta batez besteko kostua murriztu egiten dira ekoizpena handitzean, eta horrela eskala-ekonomiak sortzen dira; era berean, eskala-errendimenduak beherakorrak direnean, eskala-desekonomiak sortzen dira.

Teknologia batek mota ezberdinetako eskala-errendimenduak izaten ditu horren erabilera-mailaren arabera: ekoizpen-maila txikietarako eskala-errendimendu gorakorrak dira ohikoak, baina faktoreen erabilera batetik aurrera errendimendu konstanteak izaten dira, eta gero beherakorrak. Enpresarentzat, interesgarria eskala-errendimenduak gorakorrak aprobetxatzea, ekoizpen tarte horretan ekoizpena gehitzean unitateko kostuak (batez besteko kostua)  gutxitu egiten delako.

Garrantzitsua da eskala-errendimenduak eta errendimendu marjinalak bereiztea, aise nahas daitezkeen konteptuak direnez; hain zuzen, eskala-errendimenduetan ekoizpen-faktore guztiak aldatuta ekoizpena nola aldatzen den jasotzen da, baina errendimendu marjinalean ekoizpen-faktore bakarra aldatuta jasotzen da ekoizpenaren aldaketa. Horregatik, ez da lotu behar errendimentu beherakorren legea eskala-errendimendu beherakorrekin, errendimentu beherakorren legean ekoizpen-faktore bakarra aldatzen baita, kapitala edo faktore finkoa konstante atxikiz, baina eskala-errendimenduetan faktore guztiak aldatzen dira proportzio berean.

Eskala-errendimenduak nolakoak diren isokuantak aztertuz ere jakin daiteke: ekoizpen maila gero eta handiagoetarako isokuantak zenbat eta gertuago izan eskala-errendimenduak gorakorrak izango dira, zenbat eta urrunago izan, beharakorrak, eta distantzia berera daudenean konstanteak.

 

381 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.