
Botticelli-ren Venus-en Jaiotza margolana. Mitologia klasikoko pertsonaia batean oinarrituta, Errenazimentuaren lan adierazgarritzat hartzen da.
Errenazimentua, Errenazimendua, Pizkundea edo Berpizkundea, Ipar Euskal Herrian Errenaisantza ere deitua, Europan XV. eta XVI. mendeetan izan zen kultura mugimentu berritzaile eta iraultzailea da, Erdi Aroko mundu-ikuskera teozentrista eta dogmatikoarekin hautsi eta humanismoa zientziara, artera, politikara eta filosofiara ekarri zuena. Hedaduraz, kultura mugimendu hori garatu zen aro historikoari ere deitzen zaio, gutxi gorabehera Amerikaren Aurkikuntzatik Galileoren garaira zabaltzen dena. Italiatik abiatu zen XV. mendean (Quattrocento) eta Europa osora zabaldu XVI. mendean zehar (Cinquecento). Espainian, Urrezko Mendea delakoa ekarri zuen, artearen eta literaturaren loraldi luzea. Italian Florentzia, Erroma, Napoles, Venezia eta Milango hiriak izan zituen sorleku, eta aitzindari gisa Petrarka (1304-1374) jakintsu eta olerkaria aipatu behar da. Petrarkak ukitu humanista nabarmena eman zion bere obra osoari, antzinako molde klasikoak landuz, eta molde horien zabalkuntza Italian zehar, literaturan nahiz arteetan, abiarazi zuen Errenazimentua. Boccaccio (1313-1375) izan zen Errenazimendua abiarazi zuen beste figura garrantzitsu bat.
Artean eta literaturan, Errenazimentuak kultura klasikoko greko-latindar moldeen itzulera ekarri zuen, mendez mende Erdi Aroko monastegietan gordeak eta kopiatuak. Paradoxikoa bada ere, monastegiak, ikuskera teozentristaren erdiguneak, izan ziren molde klasiko humanistak berreskuratzea ahalbidetu zutenak. Errenazimentuaren zabalkuntzan eragin handia izan zuen, zalantzarik gabe, 1450 urtearen inguruan moldiztegi edo inprimatzeko makinaren asmakuntza, Johannes Gutenberg-en eskutik, ezagutza, lan klasikoak eta baita ikuspegi berriaz idatziriko lanak ere, publiko zabal batera hedatu zituena.
Amerikaren Aurkikuntzak eta garai hartan Asiako lurraldeekin indartzen ari zen merkataritzak ere, itsasoko nabigazioan izandako aurrerapenei esker, munduaren ikuspegi irekia ekarri zuen, eta horrekin batera Europa eta Mendebaldeko kultura humanista klasikoaren kontzientzia propioa garatu. Merkataritzak klase burges berria ekarri zuen, mezenas gisa artista eta intelektual berritzaileak lagundu zituena; horien artean aipatu behar da bereziki Florentziako Médici familia. Aurkikuntza eta teoria zientifikoek ere aurrera egin zuten, Errenazimentuaren ikuspegia indartuz: Nikolas Kopernikok teoria heliozentrikoa plazaratu zuen, ordurarte Elizatik inposaturiko teoria geozentrikoa ezeztatuz. Galileok teoria hori baieztatu eta ezagutza zientifikoaren printzipioak ezarri zituen, Elizaren aurka.
Arkitekturan eragin nabarmena izan zuen Errenazimentuak. Feudalismoaren gainbeherarekin batera Erdi Aroko jauregi gotorlekuek beren funtzioa galdurik, eraikin berriak altxatzeko irizpide nagusitzat estetika hartu eta horrela, hemen ere molde klasikoei begira, apaindurak ugaldu ziren, zutabe, leiho zabal eta lorategiekin batera.
Literaturan, latina batzertu eta bertako hizkuntzetan idazten hasi zen. Gai erlijiosoak baztertu eta gizakia bihurtu zen protagonista, bere ekintza eta sentimenduekin. Erdi Aroko zalduneria-eleberriak ere baztertu eta mespretxatu egin ziren, horren adibidi garbia izanik Cervantes-en On Kixote eleberria, lehen eleberri modenotzat hartzen dena. Olerkigintzan, metrika eta gai klasikoak itzuli ziren, bereziki lirika landuz.
Margolaritzan, perspektiba-teknikak garatu ziren eta gaiei dagokienez, gizakia bihurtu zen hemen ere protagonista, Erdi Aroko arte erlijiosoari gailenduz.
Loturiko artikuluak
Kognazioa eta kognatuakJatorrian zuzenbide erromatarrean garaturiko kontzeptua, baina egun antropologian ere erabiltzen dena, kognazioa edo ahaidetasun kognatizioa emakume baten amatasunetik garatzen den ahaidetasuna da. Kognatuak dira emakume batengandik garatutako ahaidetasun-zuhaitzean…
HumanismoaHumanismoa XV. mendean, Berpizkundean, sortutako joera intelektuala da, antzinako greziar eta erromatar kulturaren berreskurapenean oinarrituta, gizakiari lehentasuna eta gorentasuna ematen zizkiona. Giza ahalmen guztien garapena sustatzen zuen, maila indibidualean…
TeozentrismoaTeozentrismoa Jainkoa (antzinako grezieraz, theos) unibertsoaren, munduaren eta bizitzaren oinarritzat hartzen duen pentsamendua, mundu ikuskera eta jarrera da. Ikuspegi horren baitan, aldaera eta maila zenbait daude: kreazionismoa edo…