Ekonomia informala, sektore informala edo ekonomia irregularra legeak baimendu baina aldi berean horretarako bete beharreko baldintzak betetzen ez dituzten jarduera ekonomikoen multzoa da, kontrol administratiboak saihesteko asmoz. Ekonomia informalean ez dira barneratzen, beraz, legetik kanpo burutzen diren jarduera ekonomikoak, legez kanpoko ekonomia alegia, hala nola droga trafikoa (ikus, gainera, ezkutuko ekonomia).
Ekonomia informalak zergak saihestea izan dezake helburu (jarduera horiek administrazioaren aurrean erregistratzen ez direnean, eta ondorioz iruzur fiskalean jausiz) edo bestelako kontrol administratiboak ez betetzea, hala nola lan arloko araudia (enplegu informala sortuz, etxeko garbitzaileen sektorean adibidez) edo ingurumenari buruzkoa. Maiz, produktibitate eskaseko sektoreetan biltzen den ekonomia da, hala nola birziklapena (kartoi, paper eta txatarra bilketa) edo etxeko garbiketa, eta bereziki estatuak kontrolak modu egokian burutzeko zailtasunak dituzten herrialdeetan, hala nola herrialde azpigaratuetan.
Ekonomia informalari hausnarketa-eskola zenbait garatu dira:
- eskola dualistak ekonomia informala pobreen ekonomia gisa ikusten du, eta kolektibo pobreen bizimodurako irtenbidea izatea nabarmentzen du maiz; sektore informalak produktibitate eskasekoak lirateke, enpresa formal eta erregularrek baztertu egiten dituztenak. Ekonomia informala ekonomia orokorraren dualtasunaren alde bat lizateke, pobre eta baztertuena, klase integratuarenaren (kalse ertain eta altua) ondoan.
- eskola estrukturalistak kapitalismoak berak sortu eta baliatzen duen ekonomia da, enpresa handien mesedetan.
- eskola legalistak ekonomia informala ekintzailetza jardueratzat hartu, eta ekonomia informaleko enpresariei haien jarduerak legeztatzeko jartzen zaizkien oztopoak kritikatzen ditu.
Erreferentziak
- http://www.wiego.org/sites/default/files/publications/files/Chen-Informal-Economy-Definitions-WIEGO-WP1-Espanol.pdf
Loturiko artikuluak
Produktibitatea (ekoizkortasuna)Ekonomian, produktibitatea edo ekoizkortasuna ekoizpenaren eta ekoizpen horretarako baliatutako ekoizpen faktoreen arteko erlazioa da. Ekoizpen faktoreen erabileraren eraginkortasun edo efizientzia, teknikoa nahiz ekonomikoa, baloratzeko erabiltzen da, hau da,…
Gizarte ekonomiaGizarte ekonomia edo ekonomia soziala elkartasunak, eta ez irabazteko asmoak, gidatutako ekoizpen eta banaketa-harremanen multzoa da. Horrekin batera, kudeaketa demokratikoa eta autonomia izaten dira ekonomia sozialeko erakundeen beste…
EkonomiaEkonomia gizabanakoaren nahiz gizartearen beharrizanak eta nahiak arrazionalki nola betetzen diren aztertzen duen zientzia da, bereziki ekoizpenari, trukatzeari eta kontsumoari buruz. Hain zuzen ere, beharrizan eta nahi horiek…