Egunero hasten delako, Ramon Saizarbitoria: laburpena


KategoriakLiburuak

Egunero hasten delako Ramon Saizarbitoria idazlearen (Donostia, 1944) opera prima da, plazaratu zuen lehen eleberria, 1969koa. Konpromisorik gabeko sexu harreman baten ondorioz haurdun geratzen den neska gazte baten istorioa kontatzen du.  Neska trenez abiatzen da beste hiri betara abortatzeko asmoarekin. Han, zenbait medikuek uko egiten diote neskak abortatzeko egiten duen eskaerari, arrazoi etikoak zein legalak argudiatuz. Azkenean aurkitu egingo du abortua egitea onartzen duen medikua, eta guztiz arinduta sentituko da, bizitza berri bat hasteko gogoz, bizitza egunero hasten delako, izenburuak dioen bezala. Hari nagusi horrekin batera, sexu harremanetan hasten den mutilarekiko harremana ere kontatzen da, neskarengana mutilak dituen sentimendu nahasiak, maitasuna, errukia eta indiferentzia, agerian utziz. Aldi berean, pertsonaia batek, irakasle antza, beste batekin duen berriketako pasarteak tartekatzen dira eleberrian zehar, neska gazte protagonistaren eta haren arazoen zeharkako aipamena eginez. Abortuaren aldeko alegatua dela esan daiteke, tarteko beste gai batzuekin batera, hala nola sexu harremanak, bakardadea eta morala. Frankismoaren garaian plazaratua izan arren, zentsura gainditu egin zuen, seguru asko gaztelaniaz idatzia ez zelako. Lur argitaletxearen eskutik argitaratu zen lehen aldiz 1969an, eta geroztik zehaztu gabeko argitarapen kopurua izan du. Egun Erein argitaletxearen eskutik argitaratzen da, idazleak berak 2000eko hamarkadan egin zizkion ukitu batzuekin. Milaka eta milaka ale salduta, askotan ikastetxeetan gomendatutako irakurketen ondorioz, euskal literaturaren klasikoa bilakatu da.

Laburpena

Irakaslearen ahotsa letra etzanean.

1: Bakarrik dagoen neska gazte bat (itxura guztien arabera, Gisèle) geltokian ikusita, haren bizitzari buruz espekulatzen du gizon batek. Hortik, gazteei eskoletan ematen zaie hezkuntza eskas eta desegokiari buruz hitz egiten dio adiskideari geltokian bertan. Bizitzako arlo guztietan izan beharreko estiloaren garrantziaz ere mintzatzen da, hori gabe neskatoak (Giséle) galbidean jar daitezkela ohartaraziz.

2: Inguruko jendearen joan eta etorrien giroan, Giséle bakarrik dago Durkheimeko tren geltokian, Riemmesera  joateko.

Gizakien alienazioaz mintzatzen da gizona, nola garen gizarte baten produktu hutsa, nola ditugun gusto artifizialak. Hortik, morala gizartearen, masaren produktu bezala definitzen du. Euria egiten du eta bakardade-sentimenduarekin lotzen du.

3: Geltokia hutsik geratu da. Gisèlek han jarraitzen du, bakarrik.

4: Ezkonduen ametsak seme-alabetan bukatzen direla baieztatzen du. Ama izatearen garrantzia nabarmentzen du. Existentzialismoa aipatuz, gorputzaren eta espirituaren arteko bereizketaz jarduten du, nian munstro bat sentitzeraino.

5: (a) Gisèle haurdun dago, baina horregatik atsekabea sentitzen du. Abortatu nahi du. (b) Gisèle filosofia-klase batean dago. Maurice berarengadik gertu esertzen da. Harenganako grina sentitzen du. Elkarren ezagutza egiten dute. (c) Gisèle Mauricerekin oheratu eta bere ondoan esnatzen da. Mutila ezin duela maitatu sentitzen du. Mutilak ere ez dio esan maite duenik. Hala ere, ez dago triste birjintasuna galtzeagatik. Amarekin akordatzen da eta eta eskolako mojek sexualitateari buruz emandako hezkuntza errepresiboa gogoratzen du. (d) Ondorengo egunetan Maurice ez da agertzen klaseetara. Maite ez duen arren, Gisèlek mina eta amorrua sentitzen ditu. Berthe bere lagunarekin bakarrik hitz egiten du. Hura Pierrerekin ibiltzen da, baina ez du berarekin sexu harremanik izan, maite duen arren, ezkondu arte birjina izan nahi duelako, haren ustez gizonek neska batekin sexu harremanak izan ondoren, utzi egiten dutelako, beste batekin hasteko. Nazkaturik, Gisèlek berak birjintasuna erregalatu egin duela esaten dio zakar.

6: Maitasun erromantikoaren alde egiten du, ezkontzan eta seme-alabengan oinarritutako maitasun prosaikoaren eta absurduaren aldean.

7: Gisèleri buruz Jean-Louisek botatzen dizkion zirikadak direla eta, umore txarrez dago Maurice. Berarekin oheratu dela aitortzen dio. Maite ez duen arren, kezkatuta dago beragatik. Neska espainiarrekin festa bat antolatzeari buruz ari diren bitartean, Jean-Louisek Gisèlerekin hitz egin behar duela esaten dio Mauriceri. Jelosiaz edo neskarekin apurtu nahi ez izatea aurpegiratu ere egiten dio. Mauricek aitortzen du bere sexu-gogoa eta berotasuna neskekin. Azkenean, festarako hitzordua egiten dute.

8: Giséle eta Maurice taberna batean elkartzen dira. Mauriceren galderei erantzunez, Gisèlek berarekin oheratzeaz damuturik ez dagoela argi uzten du, baina aldi berean une horretan berarekin maitasuna ez lukeela egingo ere adierazten dio. Mauricek gaizki hartzen du eta biktima bezala azaldu nahi du. Maitasunari, sexu-harremanei, haurdun geratzeari eta haurrak bikote-harremanean duen garrantziari buruz gogorki eztabaidatzen dute.

9: Geltokian ezagutu berri duen adiskidea agurtu beharrean dago, hark bere trena hartu behar duelako. Ez dute elkar berriro ikusiko, baina bizitza horrelakoa da, trenbide-korapilo bat bezalakoa, jendea elkarrekin gurutzatu eta ezagutzeko aukera eskasa ematen baitu.

10: Miller, Fontanaz eta Rossier ginekologoen deskribapena eta balorazioa egiten da. Lehenengo biak moral erlijiosoa argudiatuz, abortu askearen aurkakoak dira. Rossier ginekologo liberala da, antisorgailuen erabileraren aldekoa.

11: Etxeko leihotik Giséle jendearen joan-etorriak eta haien arteko harreman hutsalak ikusten ditu. Leihoa ixtean, bere izatearen hutsa sentitzen du. Egun batzuk badira [[menstruazio|hilekoa]] atzeratzen zaiola eta haurdun dagoela pentsatzeak larritu egiten du. Negarrez hasten da.

Irakaslea lokutorio batean dago oraingo honetan eta beste irakasle baten ezagutza egiten du han. Ontasuna eta gaiztakeria, adimena eta ergeltasuna gizakien artean nola banatzen diren hausnartzen du. Materiaren aldaezintasunarekin analogia eginez, adimen eta ontasun totala konstanteak direla planteatzen dio beste irakasleari; horrela, adimen handiko batzuk izango badira, beste guztiak ergelak izan behar derrigor eta gehienak onak izatekoak bagara, derrigor oso gaiztoak diren bakan batzuk egongo dira. Berdin, moral sexualarekin: andregai birjinak izateko, sexu-grina asetuko duten emagalduak izan behar.

12: Miller doktorearen kontsultako itxaron-gelan dago Gisèle, bakarrik, zai dauden beste emakumeen artean. Kontsultan, haurdun dagoela baieztatzen dio ginekologoak pixaren proba eginda. Abortatu nahi duela esatean, doktoreak ezetz borobila ematen dio, arrazoi moralak eta legalak aipatuz, abortatzea krimena dela eta mutilarekin oheratu baino lehen pentsatu behar zuela. Guztiz irreala eta arrotza izan zaion kontsultatik atera eta Durkheimeko kaleetan zehar ibiltzen da, etxeratzeko presarik gabe. Ilun dago, bakarrik sentitzen da eta larritasuna areagotu egiten zaio eta irtenbiderik gabe ikusten du bere burua.

Lege naturalen arbitrariotasun eta ekindinezintasunaren aurka mintzatzen da, Natura errukigabea dela, indartsuak ahula menderatzen baitu.

13: Gisèle Jean-Louisekin elkartzen da taberna batean. Gisèleren eta Mauriceren laguna da. Haurdun dagoela jakinarazten dio Jean-Louisi eta laguntza eskatzen dio. Honek Mauriceri jakinarazi beharko liokeela adierazten dio. Gisèlek ezetz dio. Abortatzeko pilulen berri ematen dio Gisèleri eta eskuratzeko argibideak ere ematen dizkio. Bestela, Riemmesera joatea proposatzen dio, han abortatzea legala baita, arrazoi psikologikoen baldintzarekin. Kalean elkarrizketa intimo eta filosofiko bati ekiten diote, nola Natura gogorra eta gupidagabea den eta nola gizakiak ez duen hori hobetzen. Gisèlek txikitako oroitzapena kontatzen dio, zein gogora izan zen seme-alabak haragizko elkartze baten ondorioz jaiotzen zirela eta ez maitasunaren ondorioz.

14: Abortatzeko-pilulak hartzen baditu, baina ez diote abortua eragiten. Nahastuta eta zorabiatuta, kalera jeitsi eta Riemmeserako tren-txartela erosten du.

15: (a) Durkheimeko geltokian dago Gisèle, Riemmeserako trena hartzeko zai. Han, agure adeitsu baten ezagutza laburra egiten du. Nahi lioke bere asmoa adierazi, baina ezin du. (b) Riemmesen, Fontanaz ginekologoaren kontsultan dago. Doktoreak Milleren erantzun berdina ematen dio, abortua ez diola eragingo, bera haurrak ekartzeko dagoela munduan, Gisèleren moral eza aurpegiratzen dion bitartean. Ostaturako bidean, abortua erailketa eta bekatua dela dioten pentsamenduak datozkio gogora. Barruan duen umea zigorra bao toe den pentsatzen hasten da.

16: (a) Lokutorioan, irakasleak Aldous Huxleyen ''Brave New World'' eleberriaren argumentua kontatzen dio, egungo gizartearen deskribapena egiten duena. Horren arabera, gizartean alfa, beta eta gamma klaseetako gizakiak daude. Alfa elitea da, beta tartekoak eta gamma beste bi klase horien mendean dauden pertsonak, lan zikinenak egiten dituztenak. Gamma klaseko pertsonek onartu egiten euren patua, ez dute kontzientziarik, merke saldutako alkoholari eta futbolari esker. Gamma klasekoen seme-alaben hezkuntza eskasaren ondorioz, sistema erreproduzitu egiten da, eta horien seme-alabak ere gamma klasekoak izango dira. (b) Abortuaren aldeko artikulu bat txertatzen da: egun, abortua arriskurik gabe praktikatu daitekeela baieztatzen du, eragozpen legalak baztertzen badira. Hilketa dela diotenen aurka, enbrioia gizakia ez, baizik eta giza bizia dela dio. Antisorgailuen aurkako jarrera gaitzetsi eta nahi gabeko haurra duten amen egoera penagarria salatzen du, hain justu abortuaren aurka daudenek haiek laguntzeko neurriak hartzen ez dituztelako. Ustez giza bizia defendatzen duten horiexek dira, gainera, gero bonbaz eta gosez herrialde pobreetako haurrak hiltzea onartzen dutenak.

17: Rossier ginekologoarengana jotzen du. Itxaron-gelan urduri eta buruari bueltaka aritu da. Kontsultara sartzean, Rossier doktore ulerkorra eta goxoa aurkitzen du. Abortatzeko, arrazoi psikologikoak batzorde baten aurrean argudiatu beharko dituela azaltzen dio maitekiro eta ireerara laguntzen du.

Irakasleak berritsua dela aitortzen du, baina berritsuak burugabeak edo isilak adimentsuak direlako ideiaren aurka jotzen du. Isila, noski, ez da besteen aurrean inoiz nahastuko, ez du hanka inoiz  sartuko.

18: Batzordeko baimena eskatzera doa Gisèle. Abortatzeko baimena eskatu duten beste emakume zenbait itxaron-gelatik bulegora sartzen ikustean, baimena emango ahal diotela pentsatzen du.

Animalien eta gizakien arteko sexu-harremanak bereizten ditu gizonak: animaliengan pultsio hutsa da, baina gizakiengan hitzez janzten dugu. Horrela sexua zaildu egiten da, baina aldi berean gizakientzat erakargarriago ere bada. Antzinako eta egungo sexu-harremanak ere alderatzen ditu: lehen oso primarioa zen, eta egun bestearen eta norberaren plazerra bilatzen da. Horretan ere gauzak zaildu dira, eta pasioa galdu ere bai.

19:  (a) Abortatzeko baimena jasota, ospitalerako hitzorduaren aurretik, Riemmeseko kaleetan barna dabil. Ziur da Maurice ez duela inoiz maitatu eta horregatik berarekin maitasuna eginagatik damu da. Kanposantu batean barna dabil eta irteeran Alfa Omega letra grekoak ikusten ditu, hasiera eta bukaera adierazten dutenak. (b) Ospitalean Jean Louisen izena aipatzen du operazioan ezbeharren bat gertatuko balitz. 207 zenbakia ematen diote. Ebakuntzak Rossier doktoreak berak egiten dio. Min handirik gabe, ebakuntza bukatu eta zentimetro bateko ''gauzatxoa'' besterik ez zela dio doktoreak. Ospitaletik irten eta hiriko kaleetan barna bizitza berri bat hasi behar duela iruditzen zaio.

Irakasleak teknikaren abiada bizia aipatzen du eta denok, gazteak barne, horren baitan gaude. Teknikaren kalte egiteko posibilidadeak ere handitu egiten dira, eta horregatik uste du gazteak gaiztoak direlako topiko hori faltsua dela, finean garaiko morala ez baitu pertsonak aukeratzen, garai bakoitzeko teknika eta gizartearen produktua baikara. Beraz, belaunaldiak ezin dira elkarrekin alderatu.

Pertsonaiak eta tokiak

  • Giséle Sergier. Protagonista nagusia, filosofia ikaslea da eta Maurice izeneko ikaskide batekin sexu harremana izan ondoren haurdun geratzen da. Abortatzeko egiten dituen ahaleginak kontatzen dira eleberrian.
  • Maurice. Ez dago Gisèlerekin maiteminduta, eta Gisèlerekin sexu-harremanak izateagatik soilik oheratu da berarekin. Horren ondoren, utzi egiten du, gainera, horrek alhadura eragiten badio ere. Mutil ezegonkorra da, neska batekin eta bestearekin ibiltzen dena.
  • Jean-Louis. Gisèleren laguna, abortatzeko argibideak ematen dizkio. Mauriceren laguna ere bada.
  • Berthe. Gisèleren laguna.
  • Durkheim, Gisèle bizi den hiria.
  • Riemmes, Gisle abortatzera joango den hiria.
1691 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.