Ramon Saizarbitoria


KategoriakBiografiak

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944- ) euskal idazlea da. Bere garaiko idazle nabarmenetakoa, bere ibilbide literarioa gazte-gaztetatik hasi zuen, 1960ko hamarkadan, euskal literaturan 64ko belaunaldia deitu izan den horren baitan (hain zuzen, Gabriel Arestiren Harri eta herri lan berritzailea plazaratu zen urtean), Arantxa Urretabizkaia, Ibon Sarasola, Rikardo Arregi eta Gabriel Arestirekin berarekin batera. Belaunaldi edo talde horretatik Lur argitaletxea sortu zen, eta hor argitaratu zuen Saizarbitoriak bere lehen eleberria, Egunero hasten delako (1969), abortuaren inguruan, Nouveau Roman literatur-mugimendua berritzailearen formak jarraituz. Hain zuzen ere, Saizarbitoriak berak behin eta berriz adierazi duenez, euskal literaturara berrikuntza ekarri nahian hasi zen idazten. Eleberri horrek Francoren erregimeneko zentsura gainditu zuen, baina ez zen horrela gertatu Ehun metro bere bigarren eleberriarekin, 1973an idatzi arren, 1976 urtean argitaratu behar izan zena, Franco hil eta gero. Bigarren eleberri horrek euskal gatazka du gai nagusitzat, eta teknika guztiz berritzaile batekin dago idatzita, collage moduan. Gero etorri zen Ene Jesus eleberria, 1976 urtean ere. Gero, parentesi luze bat etorri zen, non bere jardun profesionalarekin jarraitu zuen (esan behar da, heziketaz eta lanbidez soziologoa izan dela, SiiS ikerketa soziologikorako enpresaren sortzailea eta han lan egin zuela hainbat urtez). 1995 urtean, Hamaika pauso eleberria idatzi zuen, non Iñaki Abaitua idazlea den protagonista, gero bere eleberri batzuetan ere agertuko dena. Eleberri guztiz konplexua, narrazioaren denborari dagokionez, non oroimenaren ariketa egiten den, oroimena plater hautsi gisa aurkeztuz, bere beste lanetan bezalaxe, Saizarbitoriak berak aipatu duenez. 1996 urtean, Bihotz bi. Gerrako kronikak eleberria plazaratu zuen, emakume eta gizonen arteko bikote-harremanei buruz, gerra zibileko gudari batzuen kontakizunen marko batean. Gorde nazazu lurpean lanean  (2000) bost eleberri labur bildu zituen heriotza aitzakiatzat hartuz, galeraren inguruan aritzeko: Gudari zaharraren gerra galdua, Rossetti-ren obsesioa, Marcel Martinen aitatasun ukatua, Asaba zaharren baratza eta Bi bihotz, hilobi bat. 2003 Kandinskyren tradizioa atera zuen, gazteei zuzendua bereziki eta maitasunaren desilusioari eta itxaropenari buruz. 2012, idazketa luze baten ondoren Martutene, eleberri luzea, 800 orrikoa plazaratu zuen, batzuen arabera bere lan nagusiena, eta errua gai nagusitzat duena. 2015ean, Lili eta biok plazaratu zuen, neska gazte eta gizon heldu baten arteko harremanari buruz, eta 2019an Miren eta erromantizismoa, gazteei zuzendua, maitasunari eta pertsona maitatuaren galerari buruz.  Lan horiengatik sari ugari jaso ditu, baita bere ibilbide literario osoagatik ere.

474 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.