Dilemak


KategoriakFilosofia

Artikulu hau dilema logikoei buruzkoa da, dilema moral eta etikoei buruz jakin nahi baduzu ordea, ikus Dilema etikoak eta moralak izeneko artikulua. Ikus, gainera, dilema faltsuak.

Adiera arruntean, dilemak erabakiak hartzerakoan, erabaki guztiak norberaren balio eta desirekin talkan daudenean sortzen dira (adibidez, "etxean geratzen banaiz, ikasiko dut baina ezingo dut hondartza gozatu; hondartzara banoia, berriz, eguzkia gozatu baina ezingo dut ikasi"). Definizio hori, ordea, dilema etiko edo moralari dagokio, eta azaletik adierazten du soilik dilema logikoaren funtsa.

Dilema logikoak, ordea, bi baldintzazko proposizioetatik abiatu, eta horien aurrekarien disjuntzioarekin batera, dilema konstruktiboetan, edota horien atzekarien ezeztapenarekin batera, dilema destruktiboetan, atzekarien edo aurrekarien disjuntzioa du konklusiotzat:

  • Dilema konstruktiboak:
    • P \to Q
    • R \to S
    • P \lor R
    • \vdash Q \lor S (modus ponens baliatuz)

Dilema konstruktibo baten adibidea da honako hau: aurkitu dudan txanpona urrezkoa bada, aberatsa naiz; kobrezkoa bada, pobre izaten jarraitzen dut; txanpona urrezkoa edo kobrezkoa da; beraz, aberatsa edo pobrea naiz.

  • Dilema destruktiboak:
    • P \to Q
    • R \to S
    • \neg Q \lor \neg S
    • \vdash  \neg P \lor  \neg Q (modus tollens baliatuz)

Dilema destruktibo baten adibidea da honako hau: oporretan, pozik nago; lanean, triste nago; ez nago pozik edo ez nago triste; beraz, ez nago oporretan edo ez nago lanean.1

Dilemak erretorikan

Argudio logiko guztiak bezala, dilemak erretorikan ere erabil daitezke, pertsonak zerbait pentsatzera edo egitera limurtzeko. Har dezagun, adibidez, dilema konstruktibo erretoriko hau:

Gosez dagoen jendeari egoki elikatzen laguntzen bazaio, populazioa gehiegi haziko da, eta ondorioz gosea eta sufirmendua izango da. Laguntzen ez bazaio, sufrimendua eragingo diegu. Lagunduko diegu ala ez. Beraz, sufrimendua nahitaez.

Logikaren aldetik, argudioak ez du inongo akatsik, eta egiten duguna egiten dugula azkenean sufrimendua izango dela sinetsaraztea du helburu.

Dilema erretorikoei aurre egiteko modu bi daude funtsean, alegoriaz "zezena adarretatik helduz" eta "zezenaren adarren tartetik" deitzen zaizkionak.

"Zezenak adarretatik helduz" aurre egiteko, baldintzazko proposizioetako bat edo biak ukatu behar dira; arestiko adibidean, gosea duen jendeari lagunduz gero populazioa haziko dela ukatzea, esaterako.

"Zezenaren adarren tartetik" aurre egiteko, disjuntzioa ukatu behar da, hirugarren aukera bat sartuz; arestiko adibidean, lagunduko diegula ala ez ukatuz, alegia. Baina, laguntzea ala ez tautologia da, beti baita egia, eta beraz, zezenaren adarren tartetik ezingo genioke aurre egin dilemari.2

Erreferentziak

1.
Naugle D. Conjunctive Syllogisms & Dilemmas. Intro to Logic. http://www3.dbu.edu/naugle/pdf/2302_handouts/conjunctive_syll_dil.pdf. Accessed December 28, 2017.
2.
Vance C. Common Argument Forms and Fallacies. Lecture Notes. http://rintintin.colorado.edu/~vancecd/phil1440/forms.pdf.
576 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.