Bilketa selektiboa


KategoriakEkologia

Bilketa selektiboa ez da besterik gabe kalean edukiontzi batzuk jartzea. Bilketarako planifikazio egokia ere eiznbestekoa da. Irudian, aurreikuspen faltagatik gainezka egindako edukiontzi bat Eguberri garaian, Donostian.

Hondakinen bilketa selektiboa hiri, industria zein landa eremuko hondakinak sailkatu, jaso eta tratatzeko politika, programa eta ekintzen multzoa da, haiel berrerabili edo birziklatzeko, zabor edo errefusa bihurtu eta ondorioz bestelako tratamendua (zabortegira eraman, erraustu, ...) behar duten zatia minimotu asmoz. Bilketa selektiboa ez da bilketa soila, eta hainbat prozesu barnehartzen ditu: hondakinen sailkapena eta bilketarako prest uztea, hiritarren esku, eta bilketa bera eta tratamendua, eskumena duten erakundeen esku. Horrexegatik, funtsezkoak dira, bilketa selektiboa arrakastatsua izan dadin, alde batetik hiritarren kontzientziazioa eta heziketa, eta bestetik, erakundeen aldetik bilketa eta tratamendurako prozedura eraginkorrak diseinatu eta garatzea.

Bilketa selektiborako politikak XX. mendeko azken hamarkadetan garatzen hasi ziren, lehenik eta behin herrialde garatuetan eta hondakinen ugaltzea eta pilaketa sorrarazten hasi ziren ingurumen arazoei irtenbidea emateko. Esan behar da hondakinen sorrera gehiegizkoa kontsumo gizartearen eta bereziki erabili eta bota paradigmaren ondorioa dela. Dena den, bilketa selektiboa ez da oraingo kontua, gure arbasoek oso ongi zekiten hondakin guztiak aprobetxatzen, janari hondarrak, etxerako nahiz abereentzat, eta arropa zaharrak eta oihalak berrerabiliz esaterako.

Egun, eta bereziki hiri hondakinei dagokienean, bilketa selektiboa kalean jarritako edukinotzi berezien bitartez egiten da, zabor organikoa, beirazko ontziak, papera eta kartoia eta beira bereizten dituztenak. Badira edukiontzi eta bilketa-leku bereziak ere pila eta bateria, botika, gailu elektroniko eta beste hondakin arriskutsuentzat. Industriako eta landa eremuko hondakinetarako bilketa bertan edo atez ate egiten da, horretarako jarritako egunetan, kartoi handiak, paletak eta abar jasotzeko. Horrela, bilketa selektiboa, asko zabaldu eta hobetu daitekeen arren, kontsumo gizartearen iraunkortasunaren zutabe bilakatu da, hondakinen bilketa portzentaje handiekin, eta horrela zabortegi eta erraustegien garapena eta haien ondorio larriak ingurumenean mugatuz.

393 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.