Barne Errendimendu Tasa


KategoriakEnpresa

Barne Errendimendu Tasa edo Barne Errendimenduaren Tasa (BET), Barne Itzulerako Tasa (BIT) edo Itzulerako Barne Tasa (IBT) ere deitua, inbertsio baten errentagarritasunaren adierazle bat da, diru-sarrerak eta irteerak, kaxa-fluxuak alegia, BET horrekin eguneratuta, berdindu egiten dituena. Halaber, inbertsioa guztiz finantzatu behar den kasuan, finantzazioan onar daitekeen interes tipo maximoa adierazten du.

Adibidez, 1000 euroko hasierako inbertsio batentzat hurrengo bi urteetan eskatzen diren diru-fluxuak 600 eta 700 badira, hurrenez hurren, diru-sarrerak eta irteerak berdindu egiten dituen r deskontu-tasa bakanduz eskuratuko litzateke BET:

    \[1000=\cfrac{600}{(1+r)}+\cfrac{700}{(1+r)^2}\]

Inbertsioaren finantza-kostua edo, inbertsio bateraezinen kasuan, kapitalaren aukera kostua BET baino txikiagoa bada, inbertsioa bideratzea komeni da, inbertsioaren errentagarritasuna (BET) handiagoa delako inbertsio finantzatzeko eskatu beharreko diru-kopuruaren interesa (finantza-kostua) edo aukeran dagoen inbertsioaren errentagarritasuna baino.

BET Balio Eguneratu Garbiarekin, inbertsioak erabakitzeko maiz erabiltzen den beste irizpidearekin,  loturik dago zuzenean: barne errendimendu tasa EBG=0 egiten duen diru-fluxuen deskontu-tasa konposatua da. EBG-ren aldean BET ulergarriagoa eta argiagoa da, baina bere kalkulua problematikoa da, bereziki eskuz egin behar bada, ekuazio polinomiko konplexuak ebaztea eskatzen duelako. Barne errendimendu tasak badu beste eragozpen bat: inbertsioak sortzen dituen fluxuak BET-aren tasa berean berriz inbertitzen direla hartzen du suposizio gisa, orokorrean egiazkotzat hartu ezin daitekeena.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, IRR (internal rate of return on investment) ; gazteleraz, TIR (tasa interna de rendimiento).

333 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.