Kostu zuzenak edo zuzeneko kostuak produktu bati zuzenean esleitu dakizkiokeen kostuak dira, produktu horri beste inongori ez dagozkionak. Adibidez, liburu egiteko behar den papera liburu horren kostuari dagokio, eta…
Aukera-kostua erabaki bat aukeratu eta besteak baztertzeagatik sortzen den kostua edo etekin-galera da, baztertu diren erabakietan eskura zitekeen irabazi handiena. Adibidez, hondartzara joatea erabakitzean, mendira joateko plana baztertuz, ez da pentsatu behar hondartzaren plana ez zaigula ezer kostatzen, dohainik denez: izan bada kosturik : mendira joateak emango ligukeen atsegina, aukera-kostua alegia. Ekoizpen-ahalbideak aztertzean ere agertzen den kontzeptua da: arotzak lanean aulkiak edo mahaiak egin ditzake; mahaiak aulkiak halako bi zur kantitatea behar du; beraz, zur kantitate bat edukita, beste 3 mahai ekoiztearen aukera-kostua 6 aulki dela esan daiteke.
Aukera-kostua balizko kostu edo kostu hipotetikoa da, beste era batera erabaki izan balitz zenbat lortuko genukeen zehazten duena alegia; erabakitakoaren alde negatiboa, nolabait esateko; eta aukera ezberdinak alderatzean kontuan hartu beharrekoa. Batzuen arabera, erabakiak hartzerakoan soilik (erabakiak hartzeko prozesuan, alegia) kontuan hartu behar diren kostuak dira. Hain zuzen, behin erabaki eta gero, aukera-kostuak kostu berreskuraezinak dira, eta beraz kontuan hartu behar ez direnak. Horrela, aukera kostu prospektiboa edo aurrera begira sortzen den kostua da. Adibidez, 100 euro kostatu zaidan bigarren eskuko bizikleta erostea pentsatzen ari naiz; bi aukera ditut: erosi ala ez erosi. Erosten badut, aukera-kostua 100 euro da. Erositakoan, bi aukera ditut: bizikleta berriz ere saldu, 120 eurotan, edo bizikletarekin geratzea. Bizikletarekin geratzearekin aukera-kostua 120 eurokoa, eta ez (120-100)=20 euro, bizikleta salduta guztira irabaziko nukeena, 100 euroko kostua berreskuraezina edo iraganekoa delako.
Etxea edo beste ondasun iraunkor bat erosi behar dugunean, denok dugu buruan aukera-kostua ("etxea erosten badut, ezingo dut lehen bezala bidaiatu" eta antzekoak pentsatuz), baina erabaki berdina maiz hartzen denean aukera-kostuak ebaluatzea zailagoa da. Adibidez, egunero pasteltxo bat erosten duen pertsona batek ez du ebaluatzen pasteltxoa erosiko ez balu urtetan aurreztutako diruarekin zer egin lezakeen; kasu horretan, epearen zehazgabetasunak eta bitartean gertatuko denaren ziurgabetasunak aukera-kostua kalkulatzeko ezina dakarte. Antzeko arazoak sortzen dira erabakiak modu kolektiboak hartu behar direnean.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, opportunity costs; gazteleraz, costes de oportunidad.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.