Arlokako laginketa


KategoriakOrokorra

Arlokako laginketa eremu geografiko bat arlo, puntu edo sekzio batzuetan banatu eta haietatik laginak jasotzeko arlo batzuk hautatzen dituen laginketa-mota da. Bereziki erabilgarria populazioko elementuen zerrenda eshaustiboa eskura ez dagoenean eta beraz, haiek ausaz edo zoriz aukeratu ezinean, laginak hartzeko haiek kokatzen diren arloak hautatzen direnean. Populazioa geografikoki oso sakabanatua dagoenean ere erabiltzen da, azken laginketa-unitateak hautatzeko ikertzailea hara eta hona ez ibiltzeko puntu batetik bestera. Beraz, labur esanda, bere abantailak kostu ekonomikoarekin daude loturik.

Adibide gisa, hiri handi batean aurrez aurre garatu beharreko galdeketa har dezagun, aurrekontu txikia duena; pertsonak banaka aukeratu ordez, etxebizitza-blokeak aukera ditzakegu eta gero haietan pertsona guztiak inkestatu, kostuak aurrezteko. Biologian ere maiz erabiltzen da: espezie bateko banakoen zerrenda osoa eskura ez dagoenez, aztertu beharreko eremua alor batzuetan banatu, eta alor batzuk aukeratzen dira, haietako espezimen guztiak aukeratzeko. Aurreko adibideetan, hautaturiko alor bakoitzeko laginketa-unitate edo elementu guztiak hartzen dira lagina osatzeko, baina alor bakoitzean berriz ere beste laginketa mota bat ere gara daiteke.

Arlokako laginketak lagin-errore handiak sortzen ditu orokorrean, hautatzen diren elementuek (etxebizitza-bloke batean bizi diren pertsonek edo puntu jakin batean jasotako intsektuek arestiko adibideetan) antzeko ezaugarriak izaten dituztelako, eta beraz, beraien artean homogeneoak izanik, laginaren bitartez populazio osoa modu egokian ez islatzeko arriskua dagoelako. Azkenik, esan behar da konglomeratuzko laginketa arlokako laginketaren aldaera dela, non hautaturiko arloetan elementu guztiak hautatzen diren lagina osatzeko.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, area sampling; gaztelaniaz, muestreo por áreas.

323 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.