Antiheroia heroiaren adorea eta balio moralak ez dituen fikzio-lan bateko protagonista da, heroiaren zuzentasunaren eta miresmenaren aldean, okerra, desoreka eta zabarkeria ezaugarritzat dituena. Hala ere, perfekziotik aski urruti izanda ere, antiheroia atxikimendua lortu ohi duen pertsonaia da, hain zuzen ere berezko duen inperfekzio edo oker horiengatik, edonolako pertsona arrunt batekin parekatu eta beraz irakurleak edo ikusleak harekin identifikatzera daramatenak, eta baita ere inperfekzio horretatik ekintza heroikoak burutzera heltzen delako askotan. Zehazkiago, antiheroiaren ezaugarriak izaten dira asoziala edo antisoziala izatea, gatazkatia eta liskarzalea, ahalmen mugatuak izatea, eta nortasun aldetik ere pertsonaia ilunak eta paradoxikoak izatea, iragan problematikoarekin, desengainua, tristura eta apatia islatzen dituena eta bakardadean bizi dena.
Heroiaren figura antzinatik landu bada ere, epikan bereziki, antiheroia literatura modernoaren ezaugarria dela esan daiteke. Hain zuzen, On Kixote, lehen eleberri modernoaren pertsonaia nagusia, antiheroia da argi eta garbi. Hori baino lehenago ere,  Tormesko itsumutila (Lazarillo de Tormes) har daiteke lehen antiheroitzat, antiheroia pertsonaia nagusi gisa oinarritzat hartu zuen eleberri pikareskoaren literatura generoa abiaraziz, Erdi Aroan zabaldu ziren zaldunen eleberrien aurka. Berrikiago, eleberri beltz garaikidean, ohikoa da krimenak ikertzen dituen polizia antiheroi gisa azaltzea, eta hori izan daiteke eleberri horien arrakastaren arrazoi nagusia, irakurlearen eta protagonistaren arteko lotura emotiboa protagonista antiheroia delako, hain zuzen ere, lortzen delako.
Loturiko artikuluak
- 
Anisokronia eta isokronia- Anisokronia testu bateko denboraren aldaketa da, izan moteltze edo geldiadia (adibidez, une baten deskribapen luzeak eginez) izan azkardura (elipsi baten bitartez, esaterako). Isokronia berriz narrazioaren denboraren uniformetasuna, gorabehera… 
 
- 
Antizipazio-literatura- Antizipazio-literatura edo antizipaziozko literatura gizartearen etorkizuneko egoera bat antizipatu, aurreratu edo esploratu egiten duen literatura, munduan eta gizartean eszenatoki berriak planteatuz eta horien baitan istorioak txertatuz. Maiz, zientzia-fikzioarekin… 
 
- 
Literatura konparatua- Literatura konparatua literatura lan, egile eta hizkuntza jakinetatik haratago aztertu eta lan, egile eta hizkuntza desberdinetako literatutak beraien artean konparatu egiten dituen jakintza arloa da, literaturako mugak gaindituz,…