Akzio bidezko sozietate komanditarioa Espainiako Merkataritza-Kodean ezartzen den merkataritza-sozietate mota da, sozietate komanditarioaren aldaera dena, sozietate komanditario sinplearekin batera. Akzio bidezko sozietate komanditarioan, sozietatearen kapitala akzioetan banatzen da, eta bazkideek akzio horien titulartasuna eskuratuz egiten dituzte kapital-ekarpenak. Aurreko hauxe da, hain zuzen, sozietate komanditario sinplearekin duen alde nabarmenena: kapitala akzioetan banaturik dagoela.
Beste ezaugarri guztiak komunak dira sozietate komanditario sinplearekin: bazkide guztietatik, badago bazkide bat gutxienez, bazkide kolektiboa izenekoak, sozietatearen administratzailea ere izango direnak, eta bere ondarearekin subsidiarioki eta mugarik gabe zor sozialen ardura hartuko dutenak. Beste bazkide guztiek, bazkide komanditarioek alegia, ez dute parte hartzen sozietatearen administrazioan eta ekarritako kapitalarekin baino ez dute erantzungo. Bazkideak bi izan behar dira gutxienez, eta ekarritako kapitala 60.000 eurokoa. Bazkide batek bere ondare pertsonal osoarekin erantzuten duenez, sozietate pertsonalistaren aldaera bat da.
Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, sociedad comanditaria por acciones.
Loturiko artikuluak
Sozietate pertsonalistakSozietate pertsonalistak bazkideek sozietatearen obligazioak betetzeko euren ondarearekin pertsonalki eta era solidarioan erantzuten duten merkataritza sozietateak dira. Sozietate kapitalistetan ez bezala, bazkide izaera transmitzeko mugak nabarmenak dira, bazkidearen…
Merkataritza-sozietateak (merkataritza-baltzuak)Merkataritza-sozietatea edo merkataritza-baltzua irabazteko asmoarekin bi pertsonak edo gehiagok dirua, ondasunak edo lana batera jartzen dituztenean sortzen den elkarte mota da, pertsona juridikoa alegia, betiere legeak ezarritako baldintzak…
Kapital-sozietateakEspainiako ordenamendu ekonomikoan, kapital-sozietateak sozietate anonimoak, erantzunkizun mugatuko sozietateak eta akzio bidezko sozietate komanditarioak biltzeko erabiltzen den izen orokorra. Kapital-sozietateak erregulatzen dituen arau nagusia Kapital-Sozietateeen Legea da, 2010ean…