Zonbiak


KategoriakAntropologia

Mendebaldeko XX. mendeko imajinarioan, zonbia hil bizi bat da, gizaki biziak jazarri egiten dituena, haiek hil eta haiek ere hil bizi bilakatzeko, bigarren aldiz akabatzen ez ditugun bitartean. Hildako baten itxura du, eta ibilera baldarra, guztiz bizirik ez dagoen izaki batena, baina hala ere automatismo edo indar ezezagun batek gizaki bizion atzetik jartzen duena etengabe. Gizaki hutsa, izpiriturik gabeko izakia edo berpiztutako hildakoa dela ere aipatu da. Aro Modernoan sortu eta bizirik iraun duten pertsonaia mitologiko bakanetako bat, fenomeno kultural moduan guztiz harrigarri eta interesgarria, zonbia protagonistatzat harturik plazaratu diren eta plazaratzen jarraitzen duten produktu kulturalen eraginez bereziki, bereziki filmak. Zonbiaren sustraiak Afrikan daude, eta handik Haitira zabaldu zen, esklabo beltzek ekarri eta moldatua. Haitin, vudu errituen inguruan, hartu zituen Mendebaldean zonbiak dituen ezaugarri nagusiak. Hala ere, hil bizien edo berpiztutako hilen mitoak ugari dira munduko beste hainbat kulturetan ere.

Filosofian, zenbait ideia mamitzen dira zonbiaren figura mitikoaren inguruan. Descartesek animaliei esleitzen dien automatismoa har dezagun abiapuntutzat, zonbia kontzientziarik gabeko izakia dela alegia. Hortik, fisikalismoaren inguruko galdera interesgarriak planteatzen dira: zonbiak fisikoki gizakiak dira, baina zerbait falta zaie, kontzientzia alegia, kontzientzia beraz, fisikatik aparte dagoen zerbait dela esan al daiteke? Beste ideia zonbien posibilitatearekin daude loturik: zonbien ideia argia dugu, badakigu zer diren, kontzientziarik ez duten gizakiak alegia, eta imajinatu ditzakegu zehazki. Beraz, posible al dira zonbiak errealitatean? Gerta al liteke inoiz benetako zonbi bat sortzea? Fabrikatu al daitezke?

Erreferentziak

  • Rober Kirk: Zombies (Stanford Encyclopedia of Philosophy):
  • Lorenzo Carcavilla Puey: Historia y simbolismo del mito del zombi: un análisis imaginal
    de la psique colectiva contemporánea desde el sonámbulo
    magnetizado hasta la realidad virtual , 2014
  • RUBÉN SÁNCHEZ TRIGOS: UNA APROXIMACIÓN AL ZOMBI EN EL CINE:
    RASGOS CARACTERÍSTICOS EN LA
    PRODUCCIÓN ESPAÑOLA, 2013
Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Zonbiak"; Gizapedian, 3 apirila, 2019, /zonbiak/.
395 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.