Ziklo ekonomikoak aldagai ekonomikoak jasotzen dituzten denbora serieetan ( enpresa, sektore edo eskualdeko ekoizpena, salmentak, inbertsioa, kontsumoa, eta abar, urte batzuetan zehar) gertatzen diren aldaketa gutxi gorabehera periodikoak dira, hazkundea-geldialdia-atzeraldia-susperraldia segida mugimendu nahiko erregularra dutenak, eta beraz aurresan egin daitezkeenak.
Hainbat arrazoi aipatu dira ziklo ekonomikoen zergaitia azaltzeko:
- interes-tasen aldaketa, gorakada ekonomikoetan interes-tasak igo egiten dira, eta horrek jarduera ekonomikoa moteldu egiten du; atzerakada dagoenean, berriz, interesak baxuak izaten dira, eta horrek ekonomia gora bultzatzen du;
- etxebizitzen prezioa altua denean, kontsumoa murriztu egiten da, eta horrek beherakada ekonomikoa dakar, aldi berean etxebizitzen prezioen merketzea; merketze horrek, berriz, kontsumoaren suspertzea ekarriko du, ekonomia gorakada eta berriz ere etxebizitza prezioen garestitzea;
- kontsumitzaileen igurikimenek ekonomian gertatzen diren aldaketak areagotu egiten dituzte: ekonomiak gora egiten duenean, kontsumitzaileen igurikimenak hobetzen dira, ondorioz kontsumoa handitu egiten da, ekonomia are eta gehiago suspertuz; eta alderantziz ekonomiak behera egiten duenean;
- azelerazio efektua, alegia ekonomiak gora egiten duenean, inbertsioak ere gora egiten du, eta horrek ekonomia gora eramaten du berriz;
- efektu biderkatzailea, estatuak atzerakada baten ondorioz inbertsio publikoa murrizten badu, ekonomia are eta gehiago jaitsiko da;
- stocken berezko zikloa, izan ere badira produktuak aldiro erosten direnak;
- berrikuntza teknologikoen aldirokotasuna.
Ziklo ekonomikoen ikerketan, honako ziklo mota hauek bereizi dira, besteak beste:
- Kitchin stock-zikloak, 3-7 urtekoak, stock edo izakinetan dauden inbertsioetan, stock-hausturak ez izatearren edota prezioak merkeak direnean gertatzen diren stock-erosketa gehigarriek eraginda;
- Juglar zikloak, 7-11 urtekoa, inbertsio-mailan;
- Kondratieff ziklo luzeak, 45-60 urtekoak, munduko jarduera ekonomikoari buruzkoak.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Hamarkada galduaHamarkada galdua ekonomian hamarkada oso bat hartzen duten krisialdi ekonomikoak eta hazkunde ekonomiko eskaseko aroak izendatzeko erabiltzen den terminoa da. Bereziki esanahi hauekin erabiltzen da: Latinamerikako hamarkada galdua,…
Krisi (krisialdi) ekonomikoakKrisi ekonomikoak edo krisialdi ekonomikoak herrialde batzuetako ekonomian gertatzen den beherakada ekonomikoa da, epe ertain edo luzerakoa, Barne Produktu Gordinaren, hots, herrialdeko produkzioaren eta errentaren hazkundearen beherakada, goraka doan langabezia…
Denbora serieakEstatistikan, denbora seriea aldagai baten iraganeko balioen segida da, hala nola toki batean azken urteotan izandako euri kopuruaren bilakaera, herrialde bateko biztanleriaren bilakaera eta denda bateko eguneko salmenten…