Zero oinarriko aurrekontuak


KategoriakEnpresa

Zero oinarriko aurrekontuak aurrekontuak egiteko metodologia da, aurrekontuetan aurreikusitako gastuen efizientzia bilatzen duena, aurreko ekitaldietako aurrekontuetatik abiatu gabe, eta izenak adierazten duen bezala zero edo hutsetik abiatuz, kostu guztiak eta bere osotasunean justifikatuz.

Gehigarrizko aurrekontuetan ez bezala, non aurrekontuaren zenbatekoa aurreko urteko zenbatekoa portzentaje batean gehituz edo gutxituz aldatzen den, zero oinarriko aurrekontuetan gastu guztiak ebaluatzen dira, gastu horiei dagozkien helburu eta erabaki horiek xehetasunez deskribatuz eta mailakatuz. Helburu eta erabaki horiek erabaki-pakete direlakoetan banatzen dira, non jarduerak, emaitzak eta horien neurketa, beharrezko baliabideak eta aukeran dauden beste helburu eta erabakiak zehazten diren, besteak beste. Pakete horiek elkarrekiko osagarriak (jada onartutako erabaki eta gastu batzuekin bateragarri direnak) eta elkarrekiko bateraezinak (beste pakete batzuekin alderatu, eta aukera onena erabaki behar denean) izan daitezke.

Zero oinarriko aurrekontuen abantailak euren izaera kritikotik eratortzen dira: gastuak atalka ebaluatu egiten direnez, gastu bikoizketak eta inefizientziak atzemateko bidea zabaltzen du. Aldi berean, enpresako alderdi guztien parte hartzea bultzatu eta haien arteko adostasunak lortzera behartzen du. 1

Zero oinarriko aurrekontuen metodologia Peter Phyrr kudeatzaileak garatu zuen 1960ko hamarkadan, Texas Instruments enpresako zuzendaria zenean. 1973 urtean Georgia estatuko aurrekontuak metodologia horren arabera burutzeko ardura hartu zuen.

Zero oinarriko aurrekontuekin batera, lorpenetan oinarritutako aurrekontuak ere badaude. Bien helburua gastuaren efizientzia den arren, zero oinarriko aurrekontuetan gastuak justifikatu egiten dira besterik gabe, gastu horietan egon daitezkeen bikoizketak eta beste inefizientziak atzemateko helburuarekin; aldiz, lorpenetan oinarrituako aurrekontuetan lorpenen kuantifikazioan eta lorpen horietako unitateko kostua zehaztea bilatzen da bereziki, kostuak xehetasunez kontrolatzeko.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, zero-based budgeting; gaztelaniaz, presupuesto base cero.

 Erreferentziak

1.
Pérez Partida HR. Reflexiones sobre el Presupuesto Base Cero y el Presupuesto basado en Resultados. elcotidianoenlinea.com.mx. http://www.elcotidianoenlinea.com.mx/pdf/19210.pdf. Published 2015.

Ikus, gainera

 

380 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.