Zeinua zerbait, objektu, gertaera edo orokorrean kontzeptu bat, adierazi eta seinalatzen duen zerbait da, eta beraz esanahia duena. Zeinuak dira hitzak, esaldiak, diskurtsoak -hizkuntza-zeinuak alegia-, trafiko seinaleetako marrazkiak, eskemak, banderak, logoak eta mapak besteak beste. Badira zeinu naturalak ere; adibidez, pertsona baten urratsak hondar gainean, pertsona bat han izana dela adierazten du. Zeinua bideratzen duen objektu edo errealitate fisikoa, berriz, seinalea da: adibidez, trafiko-seinalea esaten diogu bideko plakari, baino azalean duen marrazkia zeinua da. Zeinuak aztertzen dituen jakintza-arloa semiotika da.
Beraz, informazio-bideratzailea da zeinua, adierazlea eta adierazia biltzen dituena. Horien artean, (1) indikatzaileak, kausa dagoenean (keak sua adierazten duenean adibidez); (2) ikonoak, adieraziaren eta zeinuaren arteko antzekotasuna dagoenean (botila bat inguratzen duen gezi bat, botila birziklatu daitekeela adierazteko); eta (3) sinboloak, konplexua den adierazi baten eta adierazlearen arteko lotura abstraktoa denean -ikurrina, adibidez-. Beste sailkapen baten arabera, informazio-bideratzaileen artean, seinaleak (lotura kausala dagoenean), indikatzaileak (gizartean eratutakoak, baina horien adierazpide argiarengatik aise ulertzen direnak, adibidez bizikleta bat ezabatzen duen trafiko-seinaleak bizikletak hortik pasatzeko debekua adierazten du argi eta garbi; zeinuak, informazio zehatz eta guztiz ulergarria ematen dutenak (letrak eta zeinu matematikoak, adibidez), sinboloak, informazio zabal eta abstraktoa ematen dutenak, eta kodeak, zeinuen kate luze batek sortutakoak (esaldiak eta finean, baita hizkuntzak ere, adibidez).
Beste hizkuntzetan: ingelesez, sign; gaztelaniaz, signo.
Loturiko artikuluak
LogozentrismoaLogozentrismoa diskurtsoa (logos, alegia) pentsamenduarekin duen erlazioa azpimarratzen duen jarrera filosofikoa da. Ludwig Klages (1872-1956) alemaniar filosofoak asmatu zuen terminoa 1929 urtean, baina gehienbat Jacques Derrida (1930-2004) frantses…
Sinboloak (ikurrak)Pentsalariaren arabera esanahi ezberdinak dituenez, sinboloak edo ikurrak definitzea zaila da. Abiapuntu gisa, etimologia har dezakegu: sinbolo hitza antzinako grezieratik dator eta etimologikoki "batera jarri", "lotzea" esan nahiko luke.…
Adierazlea eta adieraziaAdierazlea eta adierazia semiotikan hizkuntza-zeinua osatzen duten hiru elementuetako bi dira, hirugarrena erreferentea izanik. Adierazlea hitza bera da, adierazia esanahia edo hitzak adierazten duena den bitartean. Adibidez, "etxea"…