Anisokronia testu bateko denboraren aldaketa da, izan moteltze edo geldiadia (adibidez, une baten deskribapen luzeak eginez) izan azkardura (elipsi baten bitartez, esaterako). Isokronia berriz narrazioaren denboraren uniformetasuna, gorabehera…
Sugeak txoriari begiratzen dionean Bernardo Atxaga idazkeak 1984an plazaratutako narrazio laburra da. Oporrak pasatzeko hiritik Obabara heldutako nerabe baten bizipenak kontatzen ditu: animaliekiko harreman berezia duen aitonaren ibilerak eta herriko neska batekin izango duen lehen amodioaren ingurukoak. 1985ean plazaratutako Bi anai eleberri laburrarekin parekotasun nabarmenak ditu: Obaba leku sinbolikoan kokatzen da, eta Bi anai-n bezala, herrian ezberdina izateagatik desagertu egingo da protagonista, narrazioari darion kutsu magikoa indartuz.
Narrazioa suge baten begiradapean "itsututa" edo galduta geratu den txori baten eszenarekin abiatzen da. Sebastianek eszena ikusten du, herria erakusteko Fangio astoaren gainean doan aitonarekin batera, eta Sebastiani harria botatzeko esaten dio. Hala egin eta txoria esnatu edo egiten da, sugeak eragindako loalditik edo ihes eginez. Sebastian nerabe bat da, hiritik Obabara etorri berria oporrak pasatzera, izebaren etxera, non aitona ere bizi den. Aitona burutik nahastuta dago, etxekoek diotenez, bereziki aitona Terranovara joateko tema dela eta. Txoria bizkortuta, aitonaren sorbaldan pausatu eta aitonak hitz batzuk esan eta txistu batzuk kantatzen dizkio, eta hegan alde egiten du ondoren. Sebastian ikusita, ez du ezagutzen eta mutikoak berak azaldu behar dio nor den, gogoratu arte. Sebastianek txantxangorriarekin hitz egiten ari ote zen galdetzen dio, baina aitonak ez dio kasu handirik egiten. Bertatik alde egin baino lehen, aitona aldendu eta errieta egiten dio sugeari txoria harrapatu nahi izateagatik; ondoren, Sebastian zein den ahaztu eta berriz ere galdetu behar dio, animaliekin hitz eginda beste mundu batetik etorri balitz bezala. Herrira itzultzean, Sebastianek harrituta ikusten du nola txakurrak isiltzen diren Sebastian parean pasata. Aitonak proposatuta, tabernara sartzen dira eta bertako bezeroek eta emakume zerbitzariak jakinminez begiratzen dute mutiko arrotza. Ardoa hartzera animatu eta azkenean mozkortu ere egiten da Sebastian; orduan, Sebastianek aitonak animaliekin hitz egiten dakiela botatzen du bat-batean. Tabernan dauden guztiak isildu, eta azkenean gizon batek Sebastianek esandakoaren botatako ateraldia dela eta, barrez hasten dira, Sebastian lotsatuta utziz. Tabernatik atera eta etxera heltzean, izebak errieta botatzen dio aitonari Sebastian mozkortzeagatik. Gainera, Sebastianek aitonak animaliekin hitz egiten dakielako kontuarekin jarraitzen du. Aitona, etxean sortutako zalaparta dela eta, laster Terranovara joango delako kontuarekin hasten da berriz.
Bero handia egiten du herrian eta Sebastian herriko gazteen ondoan jartzen da, fuegoetara nola jolasten diren ikusteko. Aitonarekin ere ibiltzen da herrian barrena, lehen eguneko gorabeherak ahaztuta. Jolasteko ohitura duten gazte horiei begira, Mariatxo izeneko neska batez maitemintzen da. Narratzaileak lehen amodioaren adinean dagoela azaltzen du, nork bere nortasuna eratzeko garaian. Sebastianek egunero jasotzen du eguneroko batean Mariatxok zenbat aldiz begiratzen dion. Etxean denbora gutxi pasatzen du eta Terranovako kontuarekin jarraitzen duen aitonarekin ez da ibiltzen jada. Azkenean, Mariatxok jolasteko gonbita egiten dio egun batean. Irailaren hasieran, oporrak hilabete bat luzatzea erabakitzen du. Egunerokoarekin jarraitzen du, eta Mariatxok musu eman diola ere idazten du. Elkarrekin paseatzen hasten dira, eta kontutxoak elkarri kontatzen. Mariatxok ulerkor entzuten ditu Sebastianek kontatzen dituenak, aitonak animaliekin hitz egiten duela eta Terranova joan nahi duela. Sebastian Mariatxorentzat poema bat idazten ari den gau batean, aitona ordu txikietan etxeratzen ikusten du, eta animaliekin hitz egin ostean gertatzen den guztietan bezalaxe, Sebastiani nor den galdetzen dio. Biharamunean, gertatua Mariatxori kontatu eta gau horretan aitonaren atzetik joango dela kontatzen dio. Gauerdian Fangioren gainean baso aldera abiatu, su txiki batzuk piztu eta basurdeak haren inguruan nola biltzen diren, marruka. Sebastian larrimina sentitzen du hori dena kontatzean. Hurrengo gauetan ere aitonarekin atzetik abiatu eta berdina ikusten du, aitonak basurdeekin nola hitz egiten duen. Gau batean, aitonak atea jotzen dio eta Mariatxorekin ongi dabilen galdetu. Sebastianek animaliekin duen harremanez galdetzen dio. Aitonak ikusi duenarekin dena azalduta dagoela erantzuten dio. Eta agur misteriotsua egiten dio. Hurrengo egunetan, antzarak ikusten dituzte zeruan Mariatxok eta Sebastianek. Zeruan AIO MARTIN letrak osatzen dituztela ikusten dute. Etxera bueltan, jendea bilduta ikusten du atarian. Aitonak "Terranovara joan naiz" dioen oharra utzi du; gutxira, Fangio aitona gabe itzultzen da. Amaiera.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.