Sorgintza


KategoriakAntropologia

Sorginak naturaz gaindiko ahalmenak dituzten pertsonak dira, adiera arruntean. Hala ere, antropologian ez dago adostasunik sorginen definizio zehatzari buruz, eta sorgin, belagile, azti eta xaman kontzeptuak nahasgarriak izaten dira. Ingelesez sorgintza izendatzeko bi termino erabiltzen dira witchcraft eta sorcery, nahiz eta adiera arruntean sinonimotzat hartzen diren askotan; gaztelaniaz, brujería eta hechicería ere bereizten dira; gurean, azkenik, ez dugu halako bereizketarik. Evan eta Pritchard antropologoek 1937 urtean egungo Sudango lurraldeetan bizi ziren azande herrian egindako ikerketan egindako bereizketa da ikerketa antropologikoan nagusitzen dena, baina beste kultura batzuetan baliteke diferentzia hain argia ez izatea. Evans eta Pritchard-en arabera, witchcraft berezko ahalmenak dituzten sorginen ahalmena da, batzuetan ekintza inkontzienteak burutzen dituena; sorcery, berriz, ikasitako teknika erritual eta magikoen multzoa da, beti modu kontzientean eta helburu jakin bat lortzeko egiten dena. Beste alde batetik, eztabaida dago, orobat, sorgintza ona eta txarra bereizterik badagoen; euskaraz, sorginkeria esaten dugu, ñabardura gaitzesgarriarekin. Ona/txarra bereizketa, ordea, ez litzateke onargarria izango etic ikuspuntutik, eta soilik emic ikuskeratik litzateke adierazgarria. Xaman terminoa ere nahasgarria da, Siberiako tungu herriaren figura izanik, beste kultura batzuetako sorginak izendatzeko ere erabili denez; adiera zabalean, ordea, xamana sorgin mota bat dela esan liteke, mundu hau beste munduarekin lotzen duena.

288 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.