Saiakuntzetan, nozeboa edo nozebo efektua plazeboa (hau da, berez ondoriorik ez dakarren tratamendu inerte bat eta tratamendua jasotzeagatik sor daitekeen efektua neutralizatzeko emana) jasotzeagatik sortzen diren efektu kaltegarrien multzoa da.
Saiakuntza itsuak saiakuntza batean parte hartzen dutenek tratamendua nork jasotzen duen ez dakiten haiek dira. Izan ere, saiakuntza batean parte hartzen duten pertsonek (saiakuntzako subjektuak, saiagileak eta ikertzaileak) tratamendua nork jasotzen duen jakitean haien erantzuna eta jokabidea aldatu dezakete, ikerketaren emaitzetan alborapenak (ingelesez, bias) eraginez. Adibidez, ikertzaile batek programa informatiko berri batek ikasleen motibazioan izan dezakeen eragina aztertzerakoan, ikertzaileak joera izan dezake programarekin aritu diren ikasleen ikaskuntza gainbalioesteko; kasu horretan, ikertzaileak eluke parte hartu behar saiakuntzan bertan eta emaitzak aztertzerakoan zein ikaslek zein tratamendu (programa bai ala ez) jaso duen ez jakiteko modua bilatu beharko litzateke, ikertzailea itsutu egin beharko litzateke alegia.
Saiakuntza itsu bakuna esaten da, saiakuntzako subjektuek edo ikertzaileak bakarrik itsutzen direnean. Saiakuntzako bi parte hartzaile mota (saiakuntza kliniko batean, gaixoak eta sendagileak, adibidez) itsutzen direnean berriz, saiakuntza itsu bikoitza dela esaten da. Saiakuntzako subjektuak itsutzeko modu bat plazeboa ematea da, hain zuzen plazeboa emanda, saiakuntzako subjektuak ez du jakingo tratamendu- edo kontrol-taldean dagoen. Itsutzeari (ingelesez, blinding) mozorrotzea ere (ingelesez, masking) deitzen zaio, maiz mozorrotze-teknikak erabiltzen direlako saiakuntzetan (adibidez, marka ezberdinetako elikagaiak dastatze-saiakuntzetan produktuei etiketa berdina jarriz).
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.