Eskola-integrazioa eta eskola-inklusioa desgaitasunak eta behar bereziak dituzten ikasleak hezi eta eskolan eta gizartean integratzeko bi paradigma desberdin dira. Bi paradigma horiek esklusioa eta eskola-segregazioa gainditzea bilatzen dute,…
Positibismoa, zientzia positiboa ere deitua, jakintza hautematean eta esperientzian beste ezertan oinarritu behar ez dela aldezten duen eskola epistemologikoa da, metafisika oro baztertuz. Horrela, positiboki emana dagoen hura, esperientziako datuak besterik ez, onartu behar dira jakintzan eta filosofian, espekulatiboa den oro baztertuz. Auguste Comte (1798–1857) filosofo frantsesak sortu zuen terminoa, bere Cours de philosophie positive liburuan (1830-42). Comtek planteaturiko hiru estadioen legearen arabera, giza izpirituak historian zehar hiru aro izan ditu: aro teologikoa, non fenomenoen azken arrazoia naturaz gaindi bilatzen duen, jainkoen eskuhartzearen bitartez adibidez; aro metafisikoa, non gauzen arrazoia gauzetan bertan bilatzen diren, baina abstrakzioak erabiliz; eta aro positiboa, non kausen bilatzeari utzi, eta gauzak nola gertatzen diren soilik ikertzen den, beraien arteko antzekotasunak eta loturak bilatuz eta ondoriozko legeak ezarriz. Comteren helburua soziologia (berak asmaturiko terminoa hau ere) zientzia berri baten metodoak finkatzea zen, natur zientzietarako ezarrita zeuden metodo berberak, esperientzian oinarrituak, baliatuz, zientzia positiboa sortze aldera.
Comteren testuingurutik haratago, positibismoaren adiera zabalagoak eratzen joan dira. Alde batetik, Francis Bacon, John Locke eta Isaac Newton-ek proposaturiko epistemologia zabala izendatzeko erabili da, behaketan eta indukzioan erabilia. Gizarte zientzietara mugatuz, positibismoa hiru ardatz hauek jarraitzen dituen epistemologia litzateke: fenomenalismoa, esperientzian oinarrituako jakintza beste ezer onartzen ez duena; metodo zientifikoaren orokortasuna, natur nahiz gizarte zientzietara, monismo epistemologiko bati jarraiki eta natur eta gizarte zientzien dualismoa ukatuz; eta neutraltasuna, egitateen eta balioen arteko erabateko bereizketa egiten duena.
Beste alde batetik, positibismoaren hiru aldaera historiko bereiz daitezke. Lehenengoak Comtek berak abiarazitakoa, Émile Durkheim soziologo handiak izan zuen jarraitzaile. Arrazionalismoa giza jokaerara zabaldu nahi zuen, eta ildo horretatik gizartea errealitate objektibotzat hartuz, gizarteak elementu (egitate sozialak), eta egitura eta funtzionamendu erregularrak, banakoei euren kontzientzia eta borondatearen gainetik inposatzen zaizkienak, biltzen dituela baieztatzen zuen. Ikuspegi horren adierazgarri nagusietako bat Durkheimek berak idatziriko Le Suicide lan enpirikoa izan zen, non bere irizpide metodologikoak zorrotz jarraitu zituen. Bigarren aldaerak positibismo logikoa, enpirismo logikoa eta neopositibismo izenak hartu zituen eta bereziki Vienako zirkuluaren inguruan garatu zen, 1923-36 urteetan, Moritz Schlick, Ernst Mach, Rudolf Carnap, Carl Hempel eta Otto Neurath filosofoen eskutik; eskola horretan Comteren positibismoa, Humeren enpirismoa eta analisi logikoa bildu zituzten, natur zientziak zein gizarte zientziak zientzia bakar batean bateratu nahian. Hirugarren aldaera, positibismo instrumentala izenekoa, Ameriketako Estatu Batuetan garatu zen, eta gizarte zientzietako epistemologiaren inguruan ardaztu zen, gizartea banakoen bilketa huts gisa hartzen zuen, eta bere azterketarako neurketa eta egiaztapen egokien beharra nabarmendu zuen, horretarako tresna estatistikoak baliatuz bereziki. Positibismo instrumentalaren ordezkari nabarmenenak George Lundberg, William F. Ogburn eta Paul Lazarsfeld izan ziren.
Kritika zorrotzak ere egin zazkio positibismoari, besteak beste Frankfurteko eskolatik. Natur zientziak eta gizarte zientziak guztiz bereizi beharra dagoela aldarrikatu da maiz, gizarteko instituzioak aurrez interpretatuak eta adierazgarriak direla, zentzua dutela argudiatuz eta gizarte zientzien helburua giza eta gizarte lege orokorrak eratu baino, gizakia eta gizartea ulertu bakarrik egin behar direla, horietan datzan subjektibitatea onartuz. Zientziaren filosofiatik ere kritikak egin zaizkio (Kuhn, Poper, Feyerabenden eskutik, besteak beste) zientzia indukzioz eratzetik urrun, historikoki eta soziologikoki osatutako teoria zientifikoen ikuspuntutik osatzen doazela aldeztuz. Kritikak kritika, positibismoa egungo gizartearen azterketa enpirikoan nagusitzen den epistemologia da.1
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.