Ortodoxia eta heterodoxia


KategoriakErlijioa

Iritzi, pentsaera edo jokabide bat ortodoxoa dela esaten da gehiengo batek onartu edo arauari jarraitzen dionean. Latinezko orthodoxus hitzetik dator, bere aldetik grezierazko ὀρθόδοξος, orthodoxos, hitzetik datorrena - ὀρθός, orthos (« zuzena ») et δόξα, doxa (« iritzia ») hitzetatik -). Joera nagusitik aldentzen denari, berriz, heterodoxoa dela esaten da (ἕτερος, heteros, « bestea ») . Terminoak erlijioaren testuinguruan sortu ziren kristautasunaren hasieran, patristikaren garaian, kristau elizak ezarritako dogmarekin bat datorrena (ortodoxoa) eta ez datorrena (heterodoxoa) izendatzeko; hain zuzen, kristau elizan izandako zisma edo zatiketan, Eliza Ortodoxoa izena hartu zuen bereizitako atal batek. Heterodoxia izendatzeko beste terminoak heresia (erlijioaren testuinguruan soilik, eta heterodoxiatik haratago, guztiz arauaren aurka dagoen hura izendatzeko) eta disidentzia (bereziki politika arloan) dira. Ortodoxia eta heterodoxia bereziki zorrotz eta sistematikoki eratutako erlijio monoteistetan garatzen dira, dogmatik aldentzea onartzen ez den horietan; hala ere, antzeko terminoak existitzen dira beste erlijioetan ere: hinduismoan, esaterako, non astika eta nastika terminoak erabiltzen dira antzeko esanahiarekin.

Ortodoxia eta heterodoxia erllijiotik haratago, politikan eta ekonomian ere erabiltzen dira, ideologia eta eskola nagusiarekin bat ez datozenak izendatzeko (adibidez, trotskismoa marxismoaren joera heterodoxoa izan zen bere garaian). Zientzian ere erabiltzen dira, gehien onartutako paradigmarekin ados ez dauden teoriak izendatzeko. Dena den, ortodoxia eta heterodoxia historian aldatzen doazen iritzien arabera aldatzen dira: garai batean heterodoxoa zena (gizaki guztiak berdinak garelako iritzia, adibidez), guztiz ortodoxoa da egun.

312 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.