Organigramak enpresa edo bestelako erakunde baten egitura organikoa irudikatzen duen diagrama da, erakundea osatzen duten unitateak deskribatu, horien arteko hierarkia mailak, komunikazio bideak, ardurak eta bestelako harremanak adierazten dituena.
Organigramak egitura organikoaren arabera sailka daitezke:
- organigramak lineal edo hierarkikoak, unitate edo maila ezberdinen arteko loturek hierarkia edo aginte lerroak adierazten dituzte;
- organigrama funtzionalak, erakundearen funtzio eta espezializazio arloak irudikatzen dituzte, hau da, enpresaren egitura funtzionala;
- staff-lerro organigramak, erabaki-unitateak eta laguntza-unitateak bereizten dituztenak.
Organigramaren funtzioak
- Organigramak erakundearen antolaketan egon daitezkeen hutsuneak eta akatsak antzematen laguntzen du, antolaketaren irudikapen sinplifikatua denez.
- Antolaketa eta horretan izan daitezkeen aldaketak komunikatzeko ere erabil daiteke.
- Erakundearen printzipioak gauzatzen laguntzen du.
- Erakundeko kide berriei erakundearen antolaketa erakusten du.
- Beste erakundeetako organigramak alderatuz, erakundearen indarguneak eta ahulziak hauteman daitezke.
Eragozpenak
- Aginte-lerroak estatusarekin identifikatu ohi dira.
- Organigraman zehaztu arren, lerro guztiak (komunikaziozkoak, ardurazkoak, laguntzakoak, ...) aginte-lerroekin identifikatu ohi dira. Horregatik garrantzitsua da lerroen izaera nabarmen bereiztea, kolore ezberdinekin adibidez.
- Zehaztasuna bilatze aldera, antolaketa gehiegi sinplifikatu daiteke organigrama batean.
- Organigrama finko, zurrun eta aldaezintzat hartzen da batzuetan.
Organigramak eratzeko irizpide batzuk
Organigramak bere funtzioak modu egokian garatu eta haren eragozpenak saihesteko irizpide hauek jarraitzea komeni da:
- Noiz eta nola onartu zen adierazi behar du.
- Unitateak, sailak eta funtzioak soilik adierazi behar dira, pertsonak aipatu gabe.
- Ez da izan behar ez konplexuegia, ez laburregia.
- Eguneratu behar da.
- Ez ditu harreman informalak adierazi behar.
Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Organigramak";
Gizapedian, 12 abendua, 2018,
/organigramak/.
Loturiko artikuluak
Lanaren zatiketaLanaren zatiketa gizarte eta ekonomia batean egiten dira lanak gizabanakoen artean banatzeko modua da. Ekonomikoki, eraginkorrena lan horiek produktibitatearen edo trebeziaren arabera banatzea den arren, ohikoa izan da, bereziki…
Taylorismoa edo Lanaren Antolakuntza ZientifikoaTaylorismoa edo, horren jarraitzaileen izendapena baliatuz, Lanaren Antolakuntza Zientifikoa (ingelesez, Scientific Management) ekoizpenaren eta lanaren ikerketa sistematikoa da, produktibitatea handitzeko asmoarekin, bereziki serieko ekoizpenean, Frederick Winslow Taylor ingeniari estatubaturrak…
Plan estrategikoa eta plangintza estrategikoaPlangintza estrategikoa enpresa edo beste erakunde batek epe luzera ezarritako helburuak lortzearren egindako analisia, hartutako erabakiak eta horietan zehazturiko ekintzak dira, inguruneak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz eta horretara…