Obsoleszentzia


KategoriakEkonomia

Obsoleszentzia, zaharkitzapena edo zaharkitzea funtzionatzeko egoera egokian izan arren, hau da, bizitza erabilgarria agortu baino lehen, erabiltzaileak borondatez edo behartuta baztertu egiten dituen gailuekin gertatzen den fenomenoa da. Obsoleszentzia egoeran dauden gailu horiek obsoletoak edo zaharkituak direla esaten da. Hedaduraz, beste elementu batzuetara ere zabaldu den kontzeptua da, hala nola pertsonen ezagutzei eta trebeziei buruz, horiek obsoletoak direla esango dugu gizartean baliagarritasuna edo berritasuna galdu dutenean. Obsoleszentziagatik botatzen diren gailu eta produktuek sortzen dituzten hondakinen bolumenarekin kezka berezia sortu da gizartean azken hamarkadetan; arazo horri aurre egiteko, berrerabilpenerako hainbat ekimen sortu dira, bigarren eskuko salerosketak bultzatuz adibidez.

Obsoleszentzia motak

  • Obsoleszentzia teknikoa, prestazio hobeak dituen gailua plazaratu eta aurrekoak ordezten dituenean; adibidez, DVD gailuen kasuan, Blu-ray gailuak plazaratu zirenean.
  • Obsoleszentzia funtzionala, gailuak behar bezala funtzionatzen ez duenean, kanpotik eraginda; adibidez,  SIM txartela smartphone berrietan ez dabilenean.
  • Obsoleszentzia programatua edo planifikatua, ekoizleak gailua denbora jakin baterako diseinatu eta denbora hori pasata gailua hondatu edo behar bezala ez dabilenean, nahiz eta ekoizleak funtzionatzen jarraitzeko diseinua aise egin zezakeen aurrez; horren ondorioz, kontsumitzailea produktu berdina edo oso antzekoa erostera behartzen da, obsoleszentzia teknikoan edo funtzionalean ez bezala.
  • Diseinuzko obsoleszentzia, modagatik edo gailuak baztertu egiten direnean, guztiz erabilgarriak izan arren; adibidez, arropa eta altzariekin maiz gertatzen den fenomenoa da.
  • Jakinarazpenezko obsoleszentzia, ekoizleak gailuaren osagai bat edo gailu osoa ordeztu behar duela jakinarazten dionean bezeroari, osagaiak edo gailuak ongi funtzionatu arren.
  • Atzerapenezko obsoleszentzia, ekoizleak produktuan azken aurrerapen teknologikoak nahita barnehartzen ez dituenean, maiz produktuaren bertsio merkeetan, obsoleszentzia teknikoa azkartuz horrela.

 

328 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.