Obsoleszentzia, zaharkitzapena edo zaharkitzea funtzionatzeko egoera egokian izan arren, hau da, bizitza erabilgarria agortu baino lehen, erabiltzaileak borondatez edo behartuta baztertu egiten dituen gailuekin gertatzen den fenomenoa da. Obsoleszentzia egoeran dauden gailu horiek obsoletoak edo zaharkituak direla esaten da. Hedaduraz, beste elementu batzuetara ere zabaldu den kontzeptua da, hala nola pertsonen ezagutzei eta trebeziei buruz, horiek obsoletoak direla esango dugu gizartean baliagarritasuna edo berritasuna galdu dutenean. Obsoleszentziagatik botatzen diren gailu eta produktuek sortzen dituzten hondakinen bolumenarekin kezka berezia sortu da gizartean azken hamarkadetan; arazo horri aurre egiteko, berrerabilpenerako hainbat ekimen sortu dira, bigarren eskuko salerosketak bultzatuz adibidez.
Obsoleszentzia motak
- Obsoleszentzia teknikoa, prestazio hobeak dituen gailua plazaratu eta aurrekoak ordezten dituenean; adibidez, DVD gailuen kasuan, Blu-ray gailuak plazaratu zirenean.
- Obsoleszentzia funtzionala, gailuak behar bezala funtzionatzen ez duenean, kanpotik eraginda; adibidez, SIM txartela smartphone berrietan ez dabilenean.
- Obsoleszentzia programatua edo planifikatua, ekoizleak gailua denbora jakin baterako diseinatu eta denbora hori pasata gailua hondatu edo behar bezala ez dabilenean, nahiz eta ekoizleak funtzionatzen jarraitzeko diseinua aise egin zezakeen aurrez; horren ondorioz, kontsumitzailea produktu berdina edo oso antzekoa erostera behartzen da, obsoleszentzia teknikoan edo funtzionalean ez bezala.
- Diseinuzko obsoleszentzia, modagatik edo gailuak baztertu egiten direnean, guztiz erabilgarriak izan arren; adibidez, arropa eta altzariekin maiz gertatzen den fenomenoa da.
- Jakinarazpenezko obsoleszentzia, ekoizleak gailuaren osagai bat edo gailu osoa ordeztu behar duela jakinarazten dionean bezeroari, osagaiak edo gailuak ongi funtzionatu arren.
- Atzerapenezko obsoleszentzia, ekoizleak produktuan azken aurrerapen teknologikoak nahita barnehartzen ez dituenean, maiz produktuaren bertsio merkeetan, obsoleszentzia teknikoa azkartuz horrela.
Loturiko artikuluak
Balio-bizitzaOndasun, azpiegitura edo aktibo baten balio-bizitza, bizitza baliagarria, bizitza erabilgarria edo bizitza teknikoa (bizialdi baliagarria edo erabilgarria ere deitua) aktibo hori kondizio egokietan edo ezarritako helburuak betetzeko moduan…
Ekonomia (definizioa eta kontzeptua)Ekonomia gizabanakoaren nahiz gizartearen beharrizanak eta nahiak arrazionalki nola betetzen diren aztertzen duen zientzia da, bereziki ekoizpenari, trukatzeari eta kontsumoari buruz. Hain zuzen ere, beharrizan eta nahi horiek…
Balio sinbolikoaBalio sinbolikoa objektu edo produktu batek bere erabilera-balio edo erabilgarritasunetik haratago pertsona, gizatalde edo orokorrean merkatu batean haiengan duen esanahi sinbolikoagatik edo sorrarazten duen emozioagatik duen balioa da,…