Anaximandro (ca. K.a. 610 - K.a. 546) Antzinako Greziako jakintsu eta pentsalaria izan zen, filosofo presokratiko batzuk biltzen dituen Miletoko eskolakoa, Tales Miletokoaren ikaslea eta Anaximenesen irakaslea. Bereziki…
Miletoko eskola Antzinako Greziako lehen eskola filosofikoa izan zen, filosofia presokratiko deitzen den korrontearen baitan. Mileto Egeo Itsasoko kostaldean zegoen hiri bat zen, Ekialde Hurbilean, egungo Turkian. Filosofo horiek mito eta erlijiotik logos edo diskurtso arrazoiturako bidea zabaldu zuten. Mileto Atikatik, Atenas ingurutik, etorritako joniarrek sortu zuten eta eskola filosofikoa sortu zen garaian Lidiako erresumaren mendean zegoen, baina autonomia handiarekin. Geroxeago, Miletoko eskola oraindik indarrean zegoela, pertsiarrek hartu zuten hiria baina suntsitu gabe.
Miletoko eskola Tales, Anaximandro eta Anaximenes filosofoek osatzen dute. Tales gainera, Graziako zazpi jakintsuetako bat zen. Hiru filosofo horien hausnarketa gai nagusia physis edo natura, eta jainkoak eta beste mitoak baztertuz, unibertsoaren sorrera eta bilakaera printzipio natural eta fisikoen arabera esplikatzen saiatu ziren. Horien baieztapenek sinpleak, eta batzuetan erridikuluak, dirudite gaur egun, baina esan daiteke zalantzarik gabe Mendebaldeko historian sekulako garrantzia izan dutela, mundua zientifikoki azaltzeko jaso ditugun lehen ahaleginak izan zirelako.
Ez zen kasualitatea izan Mileto, Atikako greziarrek sortutako hiri bat, filosofo horien jatorria izatea. Mileto greziar kolonia zen, bereziki merkataritzari lotua, eta beraz teknologikoki aurreratua, eta beraz pentsamendu zientifikoak onartzeko gune egokia. Gainera, merkataritzaren eraginez beste kultura batzuekin etengabeko harremanetan zegoen, eta horrek pentsaera unibertsalista eta zabala bultzatu zuen bertako hiritarren artean.
Hiru filosofo miletoarrek xede berdina izan zuten: arkhe edo naturaren printzipio kosmiko eta unibertsala jakitea. Galdera berdina planteatu zuten, erantzun ezberdinak, baina beti arrazionalismoaz, eman zituzten arren: Talesentzat ura izan zen; Anaximandrorentzat apeiron delakoa, infinitu edo mugagabea; eta Anaximenesentzat airea. Hirurek printzipio bakarra eman zuten, eta beraz hirurak monistak direla esan daiteke.
Ikus, gainera
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.